2014(e)ko urtarrilaren 7(a), asteartea

EURIPEAN BLUES



“Hogeita lau gitarra elektrikoz osatutako orkestra bat? Ez da posible”.
Sinfonity ikuskizunaren gitarristak
Davidek gogoz egiten zuen barre telefonoaren bestaldean. Berak nik bezain ondo baitaki gitarristek nolako fama izaten duten. Musikarien topikoetan sei sokako musikariei oso indibidualista izateko ospea leporatzen zaie.
David madrildarra da eta aspalditik Leintz-Gatzagan bizi da. Larru-artisautzan dihardu eta azokaz azoka ibitzen da bere poltsak, zorroak eta gerrikoak eskainiz. Bere lanean oso lagungarria izan zaio irratia. Hori dela eta, orain hogei bat urte ezagutu nuen, nire irratsaio baterako binilozko single bilduma ikaragarria ekarri zidanean.
Gaztetan Madrileko musikarien giroan mugitzen zen David, gehienbat jazz giroan. Hirurogeita hamarreko hamarkadan asko ziren hiriburura hurbiltzen ziren musikariak, han sortzen ziren aukera ugarien bila. Hainbat tabernatan “jam-session”amaigabeak egiten ziren eta saltsa-maltsa horietan, gero horrenbeste emanalditan ikusi izan ditugun musikari laguntzaile asko trebatu ziren. Batzuk, artista ospetsuekin aritu dira mundu osoko oholtzetan, beste batzuk nekez ibili dira musikari lanari eusteko, eta ez dira gutxi bere tresna ganbaran utzi behar izan zutenak edota gaueko ohituren tsunamiak arrastatu zituenak.
Jose Antonio Romero  gitarrista horietako bat da. Chavela Vargas eta beste artista batzuei laguntzeko parada izan du urteetan zehar eta orain, besteak beste, “Sinfonity” izeneko emanaldian jarduten du, beste hogeita hiru gitarra-jotzailerekin batera Mozart, Vivaldi eta Ravelen konposizioak moldatzen.
Egia esan, uste nuena baino askoz gehiago gozatu nuen ikuskizunarekin. Musika klasikoaren “greatest hits”en bilduma bat  Arriaga Antzoki dotorean entzutea, pantaila erraldoi batean irudi eder oso ongi aukeratuak ikusgai ziren bitartean, esperientzia erabat atsegina suertatu zen. Gainera sorpresa galanta izan zen niretzat gitarra elektrikoek eta konpositore klasikoek zenbaterainoko ezkontza ona egin dezaketen jabetzea.
Ekitaldia amaitu ostean Jose Antonio, David eta hirurok inguruko taberna batera afaltzera joan ginen. Haientzat hunkigarria zen aspaldiko partez berriro elkar ikustea. Jose Antonioren hitzak oso lasai ateratzen ziren haren ahotik: “Musikari izatea inoiz baino latzagoa bihurtu da. Artista gazteek beren adineko laguntzaileak nahi dituzte eta helduek ere bai askotan...” Jose Antonio ez da samintasunez mintzatzen. Nola edo hala jardunean segitzeko gai da eta Bilbo bezalako lekuak bisitatzea oso gustuko du: “Inon ez dizkizute ipintzen gin-tonikak hemen  bezala”.
Afalostean Arriaga ondoko Amaya tabernara goaz, Madrilera bueltan eramango duen autobusa noiz abiatuko zain. Beste hainbat gitarrista taldera gehitzen doaz eta gin-toniken babesean ugaltzen dira anekdota eta oroitzapenak. Denak izan dira noizbait txalokatuak garrantzizko aretoren batean, baina inork ez ditu kalean ezagutzen. Soldatak txikiago dira urtez urte, konpetentzia basati bihurtu den gremio batean eta tabernetan jotzeko aukera pikotara joan da: “Orain aurretik ordaindu behar duzu fidantza modura”.  Baina horrelakoek ez diete umorea kendu. Txisteentzako ere badago lekurik: “Ama, nire mutil-lagunak engainatu nau, esan zidan musikaria dela eta da... baxu-jotzailea...”
Badoa gitarristen autobusa euri-zaparradapean. Bihar Alacanten egongo dira. Jose Antoniok leiho atzetik agurtzen gaitu erdi irribarrez.           

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina