2014(e)ko urtarrilaren 12(a), igandea

IRAGAN-MINEZ HASPEREN



Javier Ikaz eta Jorge Díaz bilbotarrak, "Yo fui a EGB" liburuaren autoreak


“Ez gara nostalgikoak, besteak beste nostalgia ez delako jada izaten zena”. Lelo honekin “Yo fui a EGB” izeneko bloga zabaltzen da, Javier Ikaz eta Jorge Díaz bilbotarrek sortutako egitasmoa, blog modura hasi, eta, gero, liburu erabat arrakastatsu bilakatu dena.
Gainbegiratu labur bat besterik ez da behar, zenbaterainoko ideia ona izan den egiaztatzeko. Izan ere, horrelako bitxikeriak oso ohikoak izaten ditugu lagunarteko eta familiako kalaketan. Garai bateko telebistako programak: “bi kate besterik ez genuen eta programazioa ez zen gaurkoa baino okerragoa”; eguneroko tresneria: “zein ez da saiatu apurtutako kasete bat konpontzen “bic boligrafo” bat erabiliz?”; edo galdutako ohiturak: “oporretan familiaren herrixkara joaten ginen auto ziztrin batean eta ez genuen inolako segurtasun neurririk hartzen, mirariz gaude bizirik!”. Moda ere mintzagai nagusien artean dago: “a zer nolako orrazkerak eramaten genituen, Julia Oterorena kopiatu nahian, eta sorbaldakoak? Haiek bai zirela itsusiak!”.
Galdutako produktuen zerrenda itzela da benetan: Boni, Tigreton eta Bukanero gozoak; Bang-Bang eta Cheiw txikleak, walkmanak, Yoplait jogurtak, Super Pop aldizkaria, Peta Zetas gozokiak, Txokolatezko zigarroak, Varon Dandy kolonia...  
Nostalgiarena negozio borobila bihurtu da oso. Ikusi besterik ez da nola urtero argitaratzen diren bilduma horiek, gure iragana berreskuratzera gonbidatzen gaituztenak: “Zure haurtzaroko kromo bildumak”, “Panpinen etxeak”, “Hazañas Bélicas”...
 Normalean horrelako itzulerak frustraziora bidaltzen gaituzte ezinbestean. Txikitan oso interesgarri iruditzen zitzaiguna zentzugabeko lelokeria bihur daiteke gure helduen begietara, Adams Familia ez da beti gogoratzen genuen bezain barregarria eta Colombo tenientearen ikerketak erabat geldoak egiten zaizkigu gaur egungo abiadurara ohituta. Are okerragoa izaten da gure seme-alabekin horrelakoak partekatzea “gaurkoak baino askoz gomendagarriagoak zirelako”. Nahi eta nahi ez, txikitan irensten genituen istorioetan, sarritan, onartu nahi dugun baino irakaspen okerragorik bazegoen, eta behin baino gehiagotan, egungoak baino gordinagoak izaten ziren. Bambi, Mary Poppins, eta antzeko pelikulak amesgaizto eragile izan daitezke prebentziorik gabe gure txikien esku utziz gero.
Bakarka bizitzen den nostalgia tristurarekin lotzen da askotan, baina honelako oroitzapen kolektiboek guztiz ondorio ezberdina lortzen dute. Iruzkinetan irakur daitekeenez, teknologia kaxkarragoa zen eta modarekin zerikusia zuen guztia zatar samarra ere bai, baina “kalean denok gure jolasak antolatzen moldatzen ginen” edo “Gabonetako afarietan abesten eta jokoan jarduten genuen, eta ez, mezuak bidaltzen, gaur gaztetxoek egiten duten bezala”.
Iraganaren idealizazioak EGB (OHO euskaraz) bera goraipatzen du: blogean hartutako iruzkinen artean honelakoak errepikatzen dira: “horiek bai testuliburu onak, gaur egun ere, askotan nire alabari laguntzeko erabiltzen ditut” edo “oso sistema ona zen, ESO madarikatuak (euskaraz DBH) dena suntsitu zuen eta oraingo ikasleak analfabeto hutsak dira”.
Baina horrelako iritziak ohikoak ziren EGB sistema ezarri zenean ere, antzeko instituzioek errebalida bertan behera utzi zutenean. “Memoria ahula da komeni denean” eta “Puskatutako kanpaia eta hildako erretorea beti onenak”.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina