2014(e)ko otsailaren 5(a), asteazkena

FELIPE


garai estuak monarkiarentzat



“Halabeharretik eskapurik ez” dio atsotitzak. Beste Felipe bat gure historiaren protagonista izateko gai, nahiz eta oraindik zein zeregin izango duen ezin jakin.
Aspalditik ikusi dugu hor. Txikitan couche paperezko erreportajeetan, “bere adineko beste edozein umetxo bezala” bere adineko beste inongo umeenak ez bezalako oporraldi eta ospakizunetan. Egun batetik bestera “beste edozein ikasle bezala” eta “beste edozein soldadu bezala” erakusten zitzaigun, nahiz jendetzaren aurreko haren agerpenak, txalo eta goraipamen artean, beste gazte batentzat batere ohikoak ez izan.
Gizondu eta gero haren ahotsera ohitzen hasi ginen, haren izena duten sariak banatzean edo “Pazko militarraren” eguneko hitzaldietan. Halakoetan, jakina, sekula ez zuen esaten ezer, aurreikus ez zitekeenik. Aldez aurretik arduradunek kontu handiz prestatutako diskurtsoetan, eta Borboien ahots jario aspergarrian, demokrazia, aurrerapena eta elkarbizitzako aspaldiko egiak mantra modura errepikatzen zituen. Nerabezaroko garai hartan kirolekin zerikusia zuten irudi batzuetan bakarrik soma zitekeen nolabaiteko grina, baina inork ez zuen gehiagorik espero. Hitz ponpoxoen atzetik, sobera jakina zen zein sendoa zen benetan berreskuratutako monarkia, eta gehiengo zabal batek Otsailaren 23ko bertsio ofiziala hartu zuen ontzat, galdera gehiegi egin barik. Erregearen gau luze hartako legearen eta konstituzioaren aldeko agerpenak epe luzerako bermea ekarri zuen instituzioaren egonkortasunerako.
Baina urteak pasa ahala errege-familiarekiko itxurak gorde beharrak lasaitzen hasi ziren. 1990eko hamarkadan Feliperen arrebak ezkondu ziren eta printzearen inguruko zurrumurru lizunak zabaldu ziren. Arrakastarik gabeko bi amodio-kontu leporatu ondoren, zenbait behe mailako tele-solasalditan esamesak hasi ziren: Zer zela-eta ez zuen Felipek emaztegai egokirik lortzen? Baina azkenik Felipek kontakatilu guztien ahoak itxi egin zituen eta bere Asturiasko Printzerrian aurkitu zuen Leticia; antza, bere bihotzeko azukre koxkorra.
Zein aspaldikoa ematen duen horrek guztiak! Madarikazioa izango bailitzan, milurteko berriarekin batera berri txarrak ugaldu ziren. Arreba Elenaren dibortzioa, koinataren suizidioa, Cristina eta Iñakiri negozio susmagarriak egitea egoztea, eta horien guztien gainetik, aitarekin lotura dutenak: Afrikako ehizaldia, ezin ezkutatuzko harremanak, amaigabeko ebakuntzak...
Orain dela gutxi arte eredutzat erakusten zena berri lotsagarrien bilduma bilakatu da eta monarkiak berak sekula izan duen irudirik txarrena du gaur egun.
Inoiz ez bezalako txistu eta oihuak jasotzen ari da ordezkoa izateko deitua dagoen bikotea, eta, etorkizunari begira, guztiz kezkaturik egoteko arrazoiak ez zaizkio falta Felipe Borboi eta Greziakoa jaunari eta haren instituzioak ordezkatzen duenari.
Trantsizioan alderdi guztien artean eraiki zen etxebizitzan itoginak ugaldu dira. Errepublikaren aldeko jarrerak ez dira jada nostalgiko talde txiki batzuenak bakarrik; besteak beste, Urkullu lehendakariak ere erakutsi du gogo hori berriki. Aldez edo moldez, erabaki demokratikoak hartzeko garaia da. Horrenbeste urtetan zehar indarrean egon denari kiratsa dario, eta, jakina da, hobera egin ez duen gaitzak okerrera egiteko ohitura txarra daukala.        

Roberto Moso   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina