Orain dela gutxi,
Madrilgo Claudio Coello kalean nindoala, detaile zatar honi erreparatu nion:
Carrero Blancoren txoferraren izena ez da agertzen haren omenezko plakan. Ezta
aipamen txiki bat ere. Horrek pentsarazi zidan oroitzapenak zein selektiboak
izan daitezkeen. Gudari ezezagunekin egiten den bezala, nik honako hauentzat
ere, besteak beste, monumentuak proposatuko nituzke:
Colon-Gizon Zuria |
Jesukristorekin batera gurutzatu zituztenak. Armenian, Latinoamerikan,
Afrikan eta munduko hainbat lekutan izandako genozidioen biktimak. Europeista
konbentzituak. Autostopistak. Antonio Banderasen emazte ohia. Zarrari gol
famatua botaren puntan ipini ziona. Benetan argi elektrikoa asmatu zuena -Edisonek
domina eskegi zezan-. Holokaustoari buruzko pelikuletan agertzen ez diren
“garbituak”, juduen zori berekoak izan arren. Salaketarik egin gabe abusuak
jasan dituzten gizakiak. Idazteari, margotzeari, ikertzeari utzi behar izan
zioten emakumeak -emakumezkoak izateagatik hain zuzen- . Liburu-denda
zaharretan pilatzen diren autore galduak. Raquel Meyer eta antzeko hainbat
“kuple” izar. Inork ezagutu baino lehen banandutako rock taldeak. Beatlesen
lehenengo bateria. Casablanca pelikularen gidoilaria. Biblia eta Korana idatzi
zituztenak. Lehenengo Athleticen jokatu zuten britainiarrak. Txisteak asmatzen
dituztenak. Saturday Night Fever pelikulan Travoltarekin dantza egiten
zuen neska. John Lennon eta Paul McCartneyren lehengo emazteak. Martes y Trece
taldeko hirugarren kide hura. Egiptoko piramideen asmatzaileak eta egileak.
Zoom balletaren dantzari beltza. Tarzanen papera antzeztu duten aktore gehienak. Tonika maitatzera gonbidatzen gintuen
betaurrekodun hura. ‘Colon’en gizon zuria. La La La hirukoteko neskak. Urtainen aurkari
guztiak. Adiós Cigüeña Adióspelikulako protagonistak. Michael Jacksonen anaiak. Ilargia zapaldu dutenak -lehenengo
hirurak izan ezik-. Glamour-ik gabeko
heroinak akabatuak. Izandako erregeen amoranteak. Gerra-korrespontsalak. Eurovisionen
partaide gehienak. Itsasontzi-hondoratzerik larrienean hil zirenak. Ez, ez zen
Titanic-ena izan, MV Wilhelm Gustloff
transatlantikoarena baizik: 9.343 hildako.
Hirugarren mundurako laguntza-kanpainak. Mary Poppinseleberriaren idazlea. Everest oinkatu zuten lehenengo euskaldunak. Ezkioko eta
Unbeko ama birjinak ikusi omen zituztenak. Troskistak, maoistak, sobietarren
aldekoak, eta haien arteko liskarrak. Argitalpenek antolatutako ospe handiko
sari literarioak. Abesten zuten txikiteroak. Antzerki “independentea”. Apaiz
gorriak. Bob Dylanekin batera Greenwich Villagen ospearekin amesten zutenak.
Boy-skautak. Txerpolariak (saltzaile ibiltariak). Kontzientziadun kantautoreak.
Eskuz egindako ikurriñak. “Kafe-konpleto” eskatzaileak. Zine komikoari
dagozkion pelikulak. Hemen arrakasta zuten abeslari frantziar eta italiarrak. ‘El
vaquilla’ eta bere belaunaldiko hainbat “kinki”. Bokata eskutan kalera jolastera
zihoazen umeak. Un, dos, tres, responda otra vez
lehiaketan izandako ospetsuak. Auzoko zineak. Irrati-nobelen idazle eta
aktoreak. Aisa, Amaña, Velazquez, Evangelista eta horrenbeste boxeo izar.
Inolako aztarnarik utzi gabe desagertu ziren gizakiak. Hau guztia irakurtzean
burura etorri zaizkizunak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina