2014(e)ko ekainaren 9(a), astelehena

GAZTE SENTIMENTAL HURA


Benito Lertxundi
Orioko kostaldean dagoen hotel baten atarian genuen hitzordua. “Roberto, Benito Lertxundiri Gipuzkoako urrezko domina emango diote. Eguna jarri dugu berarekin, haren herrian elkarrizketatzeko, eta zu hori egiteko aproposa zarelakoan gaude. Zelan ikusten duzu?”. Opari bat, ezbairik gabe. Erakargarria bezain kilikagarria.

Harantz abiatuta, Idoia Jauregi lankide eta lagunarekin noala, oroitzapenak datoz burura: Benito 1970ko hamarkadaren bukaeran, Bilboko Jolas Parkean, kantuak aurkezteko itzulpenak egiten: “Eramos bailarines de Zuberoa en la corte de los Estuardo y no hablábamos su idioma”... Benito Fadurako futbol zelaian, Goardia Zibilek inguratuta. Bukaeran “Gernikako Arbola” zutik abesteari ekiten dio eta jendetza, pixkanaka-pixkanaka badoa animatzen bardoari laguntzera. Jaia zena korrika eta arnasestuka amaitu da. Berdin dio. Bagenuen zer konta eta etxeko lan bat: ereserki eder hori behingoz ikastea.

Gero etxeko disko-saioak etorriko ziren, Imanol Martin, koadrilako lagunarekin, Benitoren “disko horia” behin eta berriz hausnartzen eta honen ildoetatik antzinako paisaietara bidaiatzen, Mary Poppins-ek parkeko marrazkietan zehar egiten zuen bezala: “Udabarrian zarra erara, Londresko ziudadean, maitearentzat oiak erosten, denda aberats batean”. Gero Imanol laguna eta biok Londres aldera joan ginen, ikasleentzako kanpamendu batera. Han Atarratzeko Gazteluko Kanta bi ahotsetan abesteari ekiten genion, sagarrak biltzen genituen bitartean.

Lertxundirekin hazi eta hezi gara, egia da. Orioko bardoa ezizena merezi izan du eta ez da gutxiagorako. Irrati-formuletan eta telebistan rara avis izan arren, berak sorturiko kantu ezagunen zerrenda benetan luzea da: Bizkaia Maite, Erribera, Balearen Bertsoak, Loretxoa, Nere Herriko Neskatxa Maite, Baldorba, Oi Ama Euskal Herria... 

“Bitxia bada ere, jende askok ez daki abesti horiek nireak direnik. Orain dela gutxi norbaitek esan zidan Erribera kantuaren jatorrizko bertsioa entzuteko aukera izan zuela eta nirea baino askoz gozoagoa egiten zitzaiola, ba ze ondo, erantzun nion, bejondeizula”.

“Bere ekialdean” dagoen Benitoren diskurtsoa ez da batere mingotsa. “Orainzaletzat” hartzen du bere burua eta berari buruzko hitz potoloak entzutean irribarre sinesgogorra erakusten du. Ez Dok Amairu taldearen garai heroikoak aipatzen zaizkionean ere, zuhur agertzen da: “Askotan iragana mitifikatzeko joera izaten dugu eta horrek oztopatzen digu, oraintxe gertatzen ari diren gauza interesgarri askotaz gozatzea. Errealitatea aldakorra da eta beti dago zer edo zer gure interesa mereziko lukeena”.

Hirurogeiko hamarkadan hasitako ibilera luzean hamasei elepe grabatu ondoren, Benito Lertxundik goi mailari eustea ez ezik, bere espazioa otsoak bezala zaintzea ere lortu du. Iritziak ematean ez dirudi, inor zuritu nahi duenik, eta bai, ordea, galanki astintzen duenik bat eta beste; hori bai, bere senetik sekula atera gabe: “Garai berriak saltzeko joera hori ez zait batere osasungarria iruditzen”. Independentziaren inguruko espekulazioak ere ez ditu ulertzen: “Funtsezkoa ez da komenigarria izango litzatekeen ala ez, baizik eta zer nahiago dugun, gu geure buruaren jabe izatea ala gure ordez beste batzuk izatea”.

Bere hasierako Lertxundi gazte harekin nekez identifikatu arren, badago zerbait haren baitan “gazte sentimental” hura behin eta berriro gogora ekartzen diguna.  


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina