Ohetik altxatu bezain pronto hasi zen barreak entzuten nonahi |
Egia
esan, horrenbeste irri-karkaila aditzeak ez zion aparteko graziarik egiten.
Iragarkiekin fenomenoa errepikatu zen: “Si tu vida sexual funciona, lo demás no
importa” -barreak-. “Gure zapatekin Belgikaraino oinez joan zintezke” -barreak-.
Baina
zer zen hori? Igogailuan hauzokideak horietako iruzkin atsegina egin zion: “Ba
dirudi aurten zuzenean pasatuko garela udaberritik negura...” eta hor agertu
ziren berriro barreak, oso txiste ona bailitzan. Eta ez ziren hor gelditu.
Metroan ere jarraitu zuten. Geltoki guztietan, neskaren abisu grabatuen ondotik
karkara hasten zen: “Areeta, kontuz trenaren eta nasaren arteko tartearekin” -barreak-
. “Fin de trayecto, abandonen la unidad” -barre gehiago-
Gertaera
berritzen zen heinean lasaitzea erabaki zuen, eta ia ia atsegina iruditu
zitzaion. Bere aurreko jesarlekuan zegoen neska gaztea telefonoz hizt egiteari
ekin zion: “Zer egiten duzu?” -barreak- “Ba ni hemen, metroan” -barreak- “Ez, zelan
zagozen jakiteko bakarrik” -barreak- “zein tonto zaren...” -algarak-
Eskutuko
arrazoiren batengatik bere bizitza etengabeko “sitcom” bat egina zegoen. Berak
bakarrik entzuten zituen barre-algarek lagundurik, eguneroko egoera guztiak
erabat ezberdinak suertatzen ziren. Gertakaria ezeroso bihurtu zen bere nagusiak
bulegora deitu zuenean: “ Jakingo duzunez egoera oso larria da azken bolada
honetan eta neurri gogorrak hartzera behartuta gaude” -barreak- “honek ez du
inolako zerikusirik zure haurdunaldiarekin, noski” -barrez leher-
Egun hartatik aurrera barre metaliko horiek jarraitu zuten,
edonon, edonoiz, edonola. Futbolarien adierazpen ergelak, enpresari eta
sindikalisten mehatsuak, medikuaren aholkuak, telebistako eztabaidak,
hauteskunde-kanpainetako agintzak, lagunen aitormenak...denak gertatzen ziren
karkara-euri batez bustirik. Bere bizitza broma hutsa bilakatu ez zedin,
bigarren kateko dokumentalak ikusten hasi zen, baina alferrik. Giza eskubideen
historiari buruzko erreportajea ematen zuten eta berriro ere, “norbanako guztiek dute bizitzeko, aske
izateko eta segurtasunerako eskubidea” -kar kar-, “gizon-emakume guztiak
berdinak dira legearen aurrean” -kar kar-, “pertsona orok du bizimodu egokia
izateko eskubidea” -kar kar-...
Iñork ez daki
zehatz-mehatz nola gertatu zen, baina egun batetik bestera urrutiko bi
herrialderen arteko aspaldiko tirabirak neurrigabe berotu ziren eta mundu osoan
zehar harrotasun ergelak eta mendeku nahia erruki gabeko sarraski bilakatu ziren.
Big- bang batetik sortua zena big-bang batean amaitu zen. Barre algaren ondotik txalo eta txistuak
entzun ziren oraingo honetan luzaroan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina