2014(e)ko irailaren 7(a), igandea

ASPERTZEA GALARAZIA

Eregelkeria askoren atzean aspertzea besterik ez dago

Gutxitan onartzen den arren, ezbehar askoren zergatia dugu hau. Txikitatik gure atzetik dabil eta txikitan bakarrik ausartzen gara behar den moduan esatera: “Aspertuta nago” . Garai horretan inork ez digu esan behar zein den konponbidea: jolastu, litxarkeriak erosi, pelikula bat ikusi, norbait zirikatu, beste auzokoekin harrika borrokatu…  Zer sasoi ederrekoa horren erantzun  garbiak dituena…                                                                                                                 
Baina denbora pasa ahala, sekula ongi ulertu ez dudan arrazoiren batengatik, aspertzea onartezin bihurtzen zaigu. “Aspertu egiten naiz” ahoskatze hutsa zutaz gaizki hitz egiten duten  ezaugarrien zerrenda baten isla  omen da.  Nolatan aspertuta horrenbeste liburu eta disko eta pelikula eskuragai izanik? Nolatan aspertuta imajina daitezkeen kirol txapelketa guztiak pil-pilean daudenean, milaka morroiri emozioak asaldatuz? Nire erlijio maisu batek esaten zuena: “¿Se aburre? Pues no-sea-burra”. Asperdura eta ezjakintasunak askotan harreman estua dutelakoan gaude eta gure seme-alabei ez diegu barkatzen asperturik daudela entzutea.    Hori bai, oporraldia datorrenean gustuko dugu gure buruari esatea: “A zer gogoa dudan behar den moduan patxadaz aspertzeko”. Gezurra. Lehenengo ordu parea pasa eta gero egonezina dator. Zer egiten dut nik hamaka honetan etzanda, horrenbeste lilura hor kanpoan nire zain egonik? Zertarako etorri naiz ni ustezko paradisu honetara?, nire etxeko balkoian egingo nukeena errepikatzera?  Ez, gogorik ez dudan arren, zer edo zer egin beharko dut: hondartza, mendia, jaia, mozkorra, ekitaldia, txangoa, puenting, rafting, balkoning, smart-phoning,  mamading… uff.   
Askotan azalpen sakonak bilatu nahi ditugu gure portaera adierazteko. Nahiago dugu uste izan gure erabakien atzean zerbait mamitsua, garrantzizkoa dagoela, baina ez gaitezen engaina; gure buruarekin zintzo izango bagina, onartu nahi dugun baino gehiagotan erantzuna askoz sinpleagoa izango litzateke: “maitia, adarrak ipini dizkizut aspertua nengoelako” ; “epaile jauna, hiltzailea (seriean) bihurtu nintzen gogaitua nengoelako”; “politoxikomano egin nintzen ezin nuelako aspertzea jasan”, “makinetan soldata osoa alferrik galdu dut denborarekin zer egin ez nekielako”…                                                                                                                                                
Ez, ez gaude aspertzeko heziak eta agian horregatik tolerantzia ezak gura dugun baino gehiagotan  hondamendira garamatza. Nola ulertu bestela azken bolada honetan  gertatzen ari den horrenbeste ergelkeria. Amildegitik behera jausten diren familiak “selfie” bat egiteagatik. Bontzo erara hildako nerabeak joko biral batengatik. Zauritu larriak ur-hegazkin bateko ur guztia gainean husteagatik…   Andy Warholek guztiontzat iragarritako bi minutuko ospe-zoriona Youtuben lortu omen dute.

Bai, konbentzitua nago. Gizarte honen gaitz asko desagertuko lirateke aspertzea normaltasunez hartzen ikasiko bagenu.  Horrenbeste iragarkitan entzuten den lelo nekagarri hori, “Ezin duzu galdu”,  agian zeharo aldatu beharko genuke: “Hobeto galtzen baduzu”.  Ez zara hilko parapentearen lilurak ezagutu barik geratzen bazara. Ez duzu bestelako traumarik izango BBK Live-i edota mendeko enegarren partiduari muzin egiten badiozu.                         

Aspertzea izendatzen duguna, susmoa dut, gure buruarekin bakarrik egoteko egonezina besterik ez da. Haren ondoren pentsatzea dator…  Badirudi hori dela, azken batean, horren urduri jartzen gaituena.                                            

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina