Prostituzioaren Kontrako mobilizazioak, norberaren etxeko ateetan kokatzen denean nabari dira |
Egunotan jakin izan
dugunez, legez kanpoko beste ekimenekin batera, geure Diputazioen urteko kontuak
koadratzeko lagungarri preziatua da prostituzioa. Ezkerreko eta eskuineko
alderdiek ekimen honen inguruan jarrera ezberdinak defendatzen omen dituzte,
baina, egia esan, aldaketa izpirik ez da sumatu, bata ala bestea boterean
egonik. Izan ere ezkerreko indarren artean antzinako desadostasuna izan da gai
honen aurrean: arautzearen eta debekatzearen aldekoak.
Gizartean, oro har, ez
dirudi arazo larritzat hartzen denik. Kontrako mobilizazioak emagalduak
norberaren etxeko ateetan kokatzen direnean soilik nabari dira. Gero hor daude
betiko lelo horiek: “munduko lanbiderik zaharrena” (auskalo nori bururatuko
zitzaion halako harribitxia) edo “gustuagatik” eta “behartuta” egiten dutenen
arteko aldeak ezberdintzen dituztenen solasa. Bitartean txosten ofizialen
arabera ezkutuko errealitate honek urtean 62.000 milioi euro baino gehiago
mugitzen ditu munduan eta jarduera honetan dabiltzan gehienek lan hau utziko
lukete beste lanbide bat, duina, topatzekotan. Ogibidez aldatu nahi dutenentzat
bitartekoak falta dira, eta egoera alegala izateak ez du laguntzen inondik ere,
are gutxiago etorkinen kasuan. Bidenabar, Euskal Herriko sexu langileen % 90
kanpotarra da.
Joan den astean Euskadiko
sei elkartek “Gu Gaitun” izeneko federazioa sortu dute. Helburua: prostituten
eskubideen alde lan egitea eta jasaten duten bazterkeria eta estigmaren aurka
aritzea. Euren aurkezpenean bertoko prostituzioaren inguruko zenbait ezaugarri
esanguratsu azaldu zuten, besteak beste prostituta gehienak biztanle-errolda
eta osasun zerbitzuekin arazoak dituztela edota kalean gero eta gutxiago
jarduten dutela.
Irtenbide berriak bilatzen saiatu direnen artean guztiz
adierazgarria dugu Suedian indarrean dagoen legea. Herrialde honek prostituzioa
debekatzearen eta bezeroak zein proxenetak zigortzearen aldeko apustua egin du.
Lege honek ez du inondik inora prostituzioa ogibidetzat onartzen, emakumearen
kontrako indarkeriatzat baizik. Auzi horretan, prostitutak biktimatzat hartzen
dira eta horregatik, euren zerbitzuak erosten dituzten gizonezkoak bakarrik zigortzen
dituzte. Gehienez ere, sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri ahal die epaileak.
Arazoa guztiz desagerrarazi ez badute ere, herritarren
ehuneko laurogei legearen alde dago, inkesten arabera, eta emakumeekin
trafikatzen dutenentzat herrialde ezeroso bihurtu da Suedia.
Ikusitakoak ikusita Norvegian ere antzeko legea pairatzeko bidean daude.
Frantzian ere iaz ildo bereko proposamen bat onartu zuten parlamentuan, baina
kasu honetan prostitutak “amuarena
egiteagatik” ere zigortzen ditu legeak. Poliziaren interpretazioaren arabera
gelditzen da.
Jakiteke geratzen da oinarrizko galdera: arazoari taxuzko irtenbidea
emateko zorian gaude ala arazoa lekuz aldatzeko besterik ez du balioko?
Ipar Euskal Herriko egoera aski adierazgarria da. Bezeroek aski dute muga
pasatzea zigorra saihesteko. Frantziako legeak emagalduak atera egin ditu Ipar
Euskal Herriko kaleetatik, baina etxeetan ari dira orain eta kasurik gehienetan
bezeroak gurera datoz halako “zerbitzuen” bila.
ROBERTO MOSO
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina