Gernikako estatutuari emandako babesa ospatu zuen jendetzak 1979. urtean |
Gezurra badirudi ere, hogeita hamabost urte pasa dira.
Gure bizimodua hainbeste aldatu zigun Gernikako Estatutua, frankismoaren garaiaren
iraupena parekatzeko bidean dago. Nire alabentzat 1979. urtea historiaurrean bertan kokatzen da. Indarrean dauden
aurpegi mediatiko asko -lehen mailako
futbolari guztiak barne- ez ziren munduratu artean. Astindu dezagun neurona
bakarra:
Maiatzean Margaret Thatcher izeneko andrea Britainia
Handian agintzeko hautatua izan zen. Burdinazko dama ezizena laster
irabazi ondoren, munduko kontserbadore guztiei eskumazale izateko harrotasuna
berreskuratzen lagundu zien. Hilabete hartan Greziak sinatu zuen bere Europar
Ekonomi Elkartearekiko atxikimendua.
1979ko uda sandinisten garaipenarena izango zen Nikaraguan.
Uztailean Anastasio Somoza diktadoreak ihes egin zuen eta gerrillariak Managuan
sartu ziren mundu osoko ezkerzale askoren ilusioak berpiztuz.
Abuztuan Maroko jabetu zen espainiar izandako Saharaz,
Mauritaniak utzitako lurraldea okupatu ostean.
Gurean hau izan zen ETAren historian bigarren urterik
odoltsuena, laurogeita bederatzi hilketa egin ondoren. Batallón Vasco Español
erakunde parapolizialak ere bost hilketa egin zituen urte berean.
Hau izan zen, besteak beste, Melendi, David Bisbal edo La Oreja de Van Gogh taldeko
Leire Martinezen jaiotzaren urtea. Blas de Otero poeta bilbotarra eta Sid
Vicious “punk” musikaria hildako ospetsuen zerrendan izango ziren urte hartan
ere.
Espainiako futbol ligan, ohikoa zenez, Real Madrid taldea
izan zen irabazle -hemeretzigarrenez- eta Valentzia Futbol Klub-ak bosgarren aldiz
eskuratu zuen Kopa.
Garai hartan, zinema ugari zegoen edozein herritan.
Aretoak bete zituzten filmak honako hauek genituen: Kramer contra Kramer,
Manhattan,
The Warriors, La Vida de Brian, Caligula eta Alien.
Espainiar zinemagintzan arrakasta lortu
zutenen artean hauexek genituen: El Cipote de Archidona, Perros CallejerosII, Los Bingueros eta Operación Ogro. Hemen, Toque de Queda, euskal
zinemaren izenbururik aipagarriena izan genuen. Disko gehien
saldu zutenen artean honako hauek ditugu: Michael Jackson (artean beltz-beltza)
bere lehenengo bakarkako diskoarekin; The Police, “New Wave”aren agintari
bilakatu zirenak; eta Pink Floyd taldea TheWall disko bikoitzarekin. ABBA, Ana Belen eta Jose Luis Peralesentzat oso
urte borobila izango zen hau ere, Chiquitita, Agapimu eta Me Llamas abestiekin, salmenta-zerrendetan nagusi baitziren. Rockzale
amorratuontzat hau AC/DCren Higway To Hell-en urtea izango zen.
Euskal musikan folk eta rock “progresiboaren” izenak
nagusitzen ziren: Errobi, Haizea, Itoiz, Izukaitz...
Urte hartan bi telebista-kate besterik ez geneukan. LosRoper telesaio britainiarrarekin
barre egiten genuen bitartean La
Casa de La Pradera-k malkoz betetzen zituen bazkalosteko igandeak.
Urte hartan Jordi Pujol “venerable” izatear zen eta Carlos
Garaikoetxea lehendakari izatear.
Urriaren 25ean Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak baietza
eman zioten Gernikako Estatutuari. 1937. urtean abortatua izan zena, ume
eder bilakatu zitzaigun, eta gaur urtebetetzea du. Batzuentzat helmuga, beste
batzuentzat erdibidea, baina -nik uste-
azkenean, askorentzat elkargunea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina