"La Hayne" (Gorrotoa) pelikularen irudia |
Irratian gertatu zen,
1995. urtean. Xabier Gereño euskaltzale ospetsuarekin solasean ari ginen arratsaldeko magazin batean,
euskal kantagintzak Bilbon emandako lehen pausoak hizpide. Gereño, besteak
beste, 1960ko hamarkadan egiten zen Euskal Kantari Berrien txapelketaren
bultzatzailea zen. Elkarrizketan Lertxundi, Lete eta beste hainbat abeslariri buruzko
pasadizoak entzun ziren. Gaztaroa, urduritasuna, garai hartako agintarien
mesfidantza, diskoak grabatzeko zailtasunak... dena oso tonu atseginez esanda
eta alde baikorrak eta dibertigarriak nabarmenduz.
Programa amaitu zenean,
Gereñok oso bestelako anekdota kontatu zigun. Kantu Lehiaketaren finalean
gertatutakoa hain zuzen. Jendeak, ekitaldia amaitu eta gero, “Gernikako Arbola”
kantatzeari ekin zion. Ereserkia bukatzean, Bilboko orduko alkateak, Pilar Careagak, bere palkotik “Arriba España” oihukatu omen zuen, ozenki eta den-dena
isiltasun astun batean utziz. Kontakizunaren
zatirik mamitsuena entzuleen belarrietatik kanpo geratu zen. Zergatik ez zigun
kontatu zuzeneko emisioan? Hasieran askotan esan gabe geratzen diren gauza horietako
bat izango zelakoan nengoen, baina ez. Apropos egin zuen eta honela azaldu
zigun: “ez ditut sasiak sutu nahi”. Horixe da erabili zuen esamoldea. Sasiak
sutu. Benetan al da hori posible, aspaldian gertatutako pasadizo bat
kontatzeagatik? Ba Gereñok oso argi zeukan. Frankismo garaian euskaraz
horrenbeste disko argitaratu eta horrenbeste liburu idatzi eta saldu zituenak,
askotan arazoak izanda zentsura zela eta, ez zituen ‘sasiak sutu` nahi. Bitxia,
ezta? Askotan datorkit burura egun hartan gertatutakoa. Erraza da gero, sasiak
sutzea, gorrotoa ereitea. Eta aldiz, ez da horren erraza gorrotoaren katea
apurtzea.
Gorrotoa
erein zen, esate baterako, Iraken
kontrako gerra bat antolatu zenean “jende asko suntsitzeko armak” omen
zituztelako. Bazterrak nahasten dira, baita ere, banketxeek, gure diruarekin
erreskatatu izan direnak, inolako gupidarik erakusten ez dutenean etxegabetzeak
egiteko orduan. Gorrotoa ereiten da, baita ere, sare sozialetan “terrorismoa
bultzatzeagatik” sarekada ikaragarria egiten denean, baina inork ez du zirkinik
egiten mehatxuak “Podemos”ek antolatutako manifestaziora joan zen jendeari
zuzendutakoak direnean.
Sasiak sutu izan dira,
baita ere, Katalunian, ezinbestean ikusi baitute zer tratu ezberdina eman dion
Britainia Handiak Eskoziako aldarrikapenari, Espainiak haienari eman dionarekin
alderatuz... Euskal Herrian bizi izan dugun dramaren atzean ere, ereindako
gorrotoaren isla nabaria da, ezbairik ez.
Esandako
guztietan eta beste hainbatetan, zaila litzateke gorrotoaren lehenengo hazia
aurkitzea, eta, jakina, ikuspuntu ezberdinen arabera, erruduna, sortzailea,
beti bestea izango da.
Ez
dira batere sinesgarriak, bestalde, barkamenak eta “azken puntuak”, etsaiak
puskatu ondoren bakarrik predikatzen dituztenak. Barkamenak eta mendekuaren
ahazteak erlazio zuzena dute umiltasunarekin. Horrek datozen belaunaldietan pentsatzea
esan nahi du eta haientzat maitasunaren haziak ereitea. Barneko handitasun itzela behar da gorrotoa
irensteko eta Gereñorena bezalako erabaki txikietan suma daiteke. Oroitzeko estatua-irudiak
eraikitzen ez zaizkien heroiak dira hauek. Agian merezi luketen bakarrak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina