Desechables Taldea |
Desechables taldeko ekitaldiak ez ziren rock & roll emanaldi
ohikoak. Haiek nahiago zuten “meza beltzak” deitzea, eta egia esan, Tere
kantariaren garrasiak entzutean El Exorcista pelikularen eszenarik
bortitzenak zetozkizun burura.
Egun hauetan zenbait hiriburutan -Bilbo barne- El PeorDios dokumentala aurkezten dabiltza. Desechables taldeko ibilbidea
kontatzen zaigu bertan eta beste behin, laurogeiko hamarkadan gertatutakoak ditu
oinarri.
Teresaren nortasuna besteena ez bezalakoa zen benetan.
Lan honetan ikusten diren zuzenekoetan haren portaera, taula gainekoa, paregabea
da oso. Terek ez du kantatzen: oihu egiten du, garrasika dabil, amorruz liskarrean
dabil entzuleriarekin, mikrofonoarekin bihurri jolasten duen bitartean. Terek
ez du dantza egiten, astindu egiten du gorputza, tirokatua izango bailitzan
iraulkatzen da, suge antzera narras dabil eta hori guztia beti aurrez aurre
jendeari begira: “Quiero pasarlo bien esta noche...” behin eta berriz
errepikatzen duenean, esate baterako, soberan dakizu ez dela hori bakarrik esan
nahi dizuna. Ondo pasatu nahi du, bai, baina mendeku gisa, beste norbaitek
sufritu dezan bere parrandarekin. Tererena “emakume power” hutsa da: “Ni
emakume bat nintzen, agertoki baten gainean, beste edozein abeslari bezala, ez
nengoen hor emakumearen egoera aldarrikatzeko, hor nengoen eta kitto”.
Desechables taldea Bartzelonan sortu zen. Hirukote modura
hasieran, laster lortu zuten hedabideen arreta, haien ekitaldiak guztion ahotan
baitziren. Rock giroan ez zen batere ohikoa neska bat hor gainean agintari ikustea,
are gutxiago horren jarrera probokatzailea erakutsiz. Lyonen jo ondoren, kritikaren iritziek aho batez puntaren puntan
kokatzen zuenean, taldearen patua erabat okertu zen. Auto-istripu baten
ondorioz, lehen diskoaren grabazioa atzeratu zen. Indarberritu zirenean, Miguel
gitarra jotzaileak, plastikozko pistola batekin lapurtu nahi izan zuen
bitxi-denda bat, baina jabeak, benetako
bat zuen... Ordezko kide bat hartu zuten,
baina... ezer ez zen berdin...
Desechables taldekoek, arazoak arazo, ez zuten lortu beren
gustuko diskorik egitea. Beti gogoratuko dituzte, erdibidean gelditu zen
egitasmo gisa, euren abiadura eta gehiegikerien biktima. Alejandro Montes, Daniel Arasanz eta Nico Tarela, lan honen
zuzendari gazteek, bizirik dirauen taldeko kideak bildu dituzte berriro,
belaunaldi baten erretratuaren bila. Suertatu izan zaien marrazkia ezin
adierazgarriagoa da: Baby-boomaren seme-alabek, nerabezaroan, Bartzelonako
herri batean elkarrekin amets egiten dute. Herriko rockeroen tabernan biltzen
dira eta erdi txantxetan rock talde bat eratzea erabakitzen dute. The Cramps ezagutu ondoren argi eta garbi daukate norantz jo. Taldea egiten dutenean Terek
hamalau urte besterik ez ditu. Laster taldearen kiderik erakargarriena zein den
jabetuko dira. Baina hor zeuden, baita ere, hamarkadako beste klasiko batzuk: askatasun
gosea, delinkuentziaren xarma, denetarik probatzeko grina...
Ametsa bukatu zen eta taldeko kideak,
halabeharrez, beren bizimoduari buelta emateari ekin zioten.
Agian dokumentalaren zatirik hunkigarriena, taldea
berriro elkartzearena da. Gaur egun duten itxurak guztiz arruntak dira. Metroko
bagoian ikusi eta gero inork ez zituen “psikobilly-star” ohiak ikusiko. Baina
berriro elkarrekin jotzean, barruan lotan duten pizti hori azaleratzen da.
Galdutako denboraren bila. Galdutako magiaren bila.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina