Olga Rodriguez "Kazetaritza eta Giza Eskubideak" sariaren irabazlea |
Egun
batean, gaurkotasun-albisteak eta ‘gertaerenak’ erabat mugaturik zeuden. Izan
ere, bigarren hauek ez ziren berri-emankizunetan agertzen, benetako tragedia
handiak ez baldin baziren. Noizbait istripu larriak, lapurretak edo bortxaketak
audientziak igotzeko orduan zer errentagarriak izan zitezkeen deskubritu arte.
Zenbait katetan horrelako berriak, irudiek sortzen duten zirrararen arabera
aukeratzen dira. Publizitatea bizirauteko erabatekoa den kateetan, halako hondamenen
bideoak harribitxi bilakatu dira. Horrelako zerbait gertatu da, baita ere,
bitxikeriei buruzko albisteekin.
Nightcrawler (lur-zizarea) izeneko pelikula apartekoan, Dan Gilroy
kaliforniarrak zuzendua baita, horrelako albisteen sorbururaino eramaten
gaituzte.
Los
Angeles lotan dago. Louis Bloom, lur-zizareen antzera, gauez bakarrik azaleratzen
da, legearen bazterretan mugitzen diren ogibideak helburu. Louis tipo bakartia
da. Interneten bidez ekintzailearen egia sakratuak ikasi ditu, baina lapurreta
txikiak eta txatarraren salmenta ez dira, hain zuzen, beraren ikasketak
bideratzeko ekimenik egokienak.
Baina
egun batean, txiripa hutsez, auto-istripu baten lekuko da. Han telebistako free-lanceak
nola aritzen diren ikusteko aukera dauka eta bere buru gainean bonbilla pizten
da.
Louisek
ez du inolako eskrupulurik izaten bere ekimen berrian. Kamera ziztrin batekin
hasten du bere karrera, baina, beste kameralariek ez bezala, berak ez du
inolako arazorik izaten etxeetan barruraino sartzeko, gorpuak lekuz aldatzeko, edota,
behar izanez gero, lehiakideak garbitzeko. Lortzen duen “arrantza” apartekoa izaten
da eta laster, behar duen arreta mereziko du.
Nina,
goizaldeko albistegiaren arduraduna da erdipurdiko telebista-kate batean.
Louisek ekarritako material preziatua mailaz igotzeko pasaportetzat hartzen du.
Bion interesak batu egiten dira lasterketa ero batean.
Baina
badago beste zerbait. Louis, zinema-kritikaren batek esan duen hitzetan esateko,
“makarra ilustratua” da. Hasieratik interneten ikasitako kapitalismo basatienaren
oinarriak bere zereginera aplikatzen ahalegintzen da. Miseria gorrian bizi den gazte
bat hartuko du laguntzaile, gupidarik gabe esplotatzeko, heriotzaraino eraman
arte. Eta ez, ez du izango ez damurik ez zigorrik, hain zuzen. Horrelakoa omen
da oihanaren legea.
Olga Rodriguez, ibilbide luzeko kazetaria, giza eskubideekin oso konprometitua, aurtengo
“Kazetaritza eta Giza Eskubideak” izeneko sariaren irabazlea izan da. Berriki, Nazioarteko
Amnistia erakundearen aldizkarian elkarrizketa egin diote. Hizpide dugun gaiari
buruz honela hitz egin du: “Azken boladan denbora-pasa moduko informazioaren aldeko
apustu garbia dago, hortaz gero eta espazio gutxiago daukazu kalitatezko
kazetaritza egiteko. Telebistan lanean ari nintzela, gerra krimen baten berria
nola baztertzen zuten ikusi nuen, oso pinguino atsegin baten irudiak emititu
behar ziren haren ordez. Egun hartan, bertatik alde egin behar nuela ohartu
nintzen (...), hedabideak zorretan sartu dira eta banketxeak haietan sartu
dira. Botere ekonomiko hauek dira orain hedabideetan irizpideak markatzen
dituztenak. Dagoeneko informazioa ez da oinarrizko eskubidea edo zerbitzu
publikoa, ahalik eta etekin ekonomiko handiena eman behar duen salgaia baizik”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina