Emma Watson aktorea NBEn emandako hitzaldian |
Zentzuzkoa ematen du:
bidezko kausak ez dira lagundu behar zeure interes partikularrekin bat egiten
dutelako, berez laguntzekoak direlako baizik. Hala eta guztiz ere, esate
baterako, oso gutxitan ikusten dira juduak palestinarren aldeko ekimenetan edo
zuriak beltzen eskubideen aldeko manifestazioetan. Salbuespenak salbuespen (eta
jakina da salbuespenak araua baieztatzen duela) arazoa zuzen-zuzenean gurea ez
baldin bada, baztertzeko joera dugu. “Lan egiten dutenek/ langabetuez barre
egiten dute/ eta libre daudenek presoez” abesten zuten Eskorbutokoek. Zoritxarrez elkartasuna, gehienbat, agirietan erabiltzen den hitz potoloa
besterik ez da eta badirudi gure kontzientziak geure zilborrarekin erlazio
zuzena izaten duela.
Gaurko egunak,
adibidez, guztion aldarrikapen baten eguna izan behar luke. Taxuzko arrazoirik
ez da falta. Hala ere, ez dira gutxi feminismoa gizonen kontrako mugimendutzat
sentitzen duten gizonezkoak, eta egia esan, ez nuke baietsiko, azken bolada
honetan, aldaketa nabarmenik sumatzen dudanik, sentipen horri dagokionez. Are
larriago: emakume askoren artean ere hedatua dago nolabaiteko irudi negatiboa. 2014.
urte honetan, oraindik ere ez da batere arraroa emakume baten ahotsean antzinako
leloa entzutea: “ez naiz feminista ez matxista, niretzat txanpon berberaren bi
aldeak besterik ez dira”.
Datu banaka batzuk
besterik ez aipatzearren, merezi du gogoratzea gure estatuan 51 emakume erail dituztela
2014. urtean haien bikoteek edo bikote ohiek, (658 azken hamarkadan), zortzi
orduro bortxaketa bat gertatzen dela edo emakumeen soldatak % 16 txikiagoak direla, lan berdinarengatik, Europako
Batasunean. Langabeziaren datuak ere askoz negatiboagoak dira emakumeentzat,
13.000 langabetu gutxiago zenbatu diren arren, 6.319 gehiago dira emakumeen
artean, azken datuen arabera. Eta hau mundu mailan dagoen egoera ez
aipatzearren.
Eskubide-berdintasun
eza guztion arazoa da eta guztiontzat da kaltegarria. Hau ulertzen ez dugun
bitartean, nekez joko dugu aurrera. Hau izan zen Emma Watson aktoreak NBEnemandako mintzaldiaren ardatza.
Erabat hunkigarria
eta baliagarria deritzot hitzaldi honi. Harry Potter filmetan horren ospetsua
egin zen artistaren ahotsean, feminismoaren aldeko -eta hortaz berdintasunaren
aldeko- horren hitz zentzuzkoak entzutea, egundoko berri ona da, kontuan izanik
mundu osoko gazte askorengan izan dezakeen eragina.
“Gizonari ez bazaio
sinistarazten oldarkorra izan behar duela, emakumea ez da otzana izango.
Gizonari ez bazaio irakasten kontrolatzailea izan behar duela, emakumea ez da
kontrolatua izango. Biak, emakumezkoak eta gizonezkoak libre sentitu behar dira
indartsu izateko. Generoak multzo bezala ikusteko ordua da eta ez elkarren kontrako
poloak bezala. Elkarri erronka-egiteari utzi behar diogu. Biak askatuago izan
gaitezen eta honetaz ari gara kanpaina honetan: askatasunaz”.
Emmaren berbetan
emozio izpi bat suma zitekeen, baina haren mezua guztiz erabatekoa zen.
Hasieran arreta eta sorpresa nabaria zen entzuleen aurpegietan, baina aurrera zihoan
heinean argi eta garbi igartzen zitzaion hizlariari, bihotzarekin hitz egiten
ari zela, eta ez zuela mezu garbia bezain sendoa zabaltzeko aukera galdu nahi: “Zalantza
uneetan, nire buruari esan diot: Ez banaiz ni, nor? Eta ez bada gaur, noiz?”
Horixe bera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina