Artut Mas eta Iñigo Urkurru azken Errege-koparen aurrean |
Gabonak han datoz mehatxu eginez
nonahi, negua gertu dagoela iragartzen. Aurten, gainera, negu gorria izango da,
bozketak familiako bazkarien gainetik hegan. Datozen hauteskundeak direla
medio, ezustekoak ohikoak bihurtzen ari dira. Arazoen aurrean geldirik
geratzeagatik horrenbestetan kritikatua izan den Rajoy presidentea jo eta ke
dabil azkenaldi honetan. Gaur oposizioarekin biltzen da, bihar plasmarik gabeko
prentsaurreko bat ematen du, etzi Iruñean agertzen da, enegarren aldiz
Gernikako Estatutuan nafarrei zabaldutako atea itxi egingo duela
iragartzeko...
Sozialistak, bitartean, alderdian Katalunian izandako zauriak itxi
nahian, Pedro Sanchez-en inguruan batasun irudia eman nahian dabiltza.
Bestalde, sortu berri diren eskaintza edo hautagaitzek ez diote uko egiten ahal
duten hedabide guztietan edozein aitzakiarekin agertzeari. Urte askoan lehen
aldiz, bi alderdi baino gehiago daude boterea eskuratzeko gai, urduritasuna
nabaria da nonahi. Gurean, urrutira joan barik, bi agintarien dimisioa ikusi
dugu hilabete batean. Kataluniakoa, ezbairik gabe, oso eragin zuzena izaten ari
da honetan guztian. Ciudadanosen, PPn, PSOEn eta Bildun euren abertzaletasun ezberdinak
erakusteko aukera areagotu egin da, eta EAJn, aldiz, diferentziak markatu dira
ohiko kataluniar kideekiko: "Ezinezkoa da estatu propio bat eraikitzea
egun batetik bestera", esan zuen lehendakariak SER katean. Kontzertuen
gaia, aspalditik inongo eztabaidan ez zegoena, boomerang gisa agertu zaigu
Kataluniako afera dela eta. Berriro ere, estatu mailako alderdientzat, gai
honen inguruan hemen eta han esaten denarekin argazki bakar bat egitea ia
ezinezkoa bihurtu zaie.
Pilar Raholak "¿Dónde están los Vascos?" izeneko artikuluan
Euskal Herritik sumatzen duen laguntza eza gaitzesten zuen. Bere iritziz, une
erabakigarri hauetan ez da inondik agertzen gugandik espero litekeen
elkartasuna. Are gehiago. Pilarrek iruzkinean nolabaiteko erlazioa marrazten
zuen kontzertuen eta "mendietan pistolekin zebiltzan morroskoen"
artean. Hemendik aurrera -apustu egingo nuke- behin baino gehiagotan entzungo
dugu gaia zenbait solasalditan. "Kontzertuak errudunak badira, ken
ditzagun eta kito", ez al duzue oihartzuna entzuten?.
Ukitzen
ez dena -hori argi geratu zaigu- Espainiaren batasuna da. Bortxakeria bukatu
ostean dena posible dela esaten zutenak oso muga finkoak jartzen ari dira
orain. Izan ere, Kataluniatik datorkigun mezua ezin da finkoago izan:
Konstituzio honekin ez da inongo erreferendumik izango eta etorkizunari begira
hobe esperantza gehiegirik ez izatea . Ez gara ez Britainia Handia ez Kanada
eta gai honetan aldaketak itxaroteak ez du inolako zentzurik. Susmoa dut
antzeko zerbait gertatuko dela beste oinarrizko gaiekin. Hauteskundeetan inork
espero ez duen ezusteko galantik gertatzen ez bada, monarkia eta errepublikaren
arteko erabakia ez da hautestontzietan hartuko. Baina Grezian -eta beste
hainbatetan- ikusi dugunez, programan idazten dena eta gobernuan egin
daitekeena zeharo urruti egon daitezke elkarrengatik. Estatuen subiranotasuna
Antartidaren antzera urtzen ari da. Politika berria saltzera etorri arren,
politika zaharra egiten dutenak, gero eta gehiago dira. Babestu gaitezen
lagunok, negua -eta zer negua!- badator eta.
Bai,negu itzela datorkigu. Beldurra ematen du, gauzak, orohar guatemalatik guatepeorrera goazen sentsazioa daukat. Egun hauetan zera pentsatzen dut: Nahiz eta Sanchez Drago-ren pertsona oso desatsegina egiten zaidan, goibletasunez pentsatzen ari naiz berak defendatu duen ideia batekin ados nagoela: gizasemeak, moralki, ez dauka bilakaerarik egiteko ahalmena. Begira lehengo egunean Rivera, Sanchez eta Iglesias ume moko bezala diskutitzen "El Pais"-eko" debatean . Eta zuk kontatzen duzun guztia normala da: moralki ez degunez aurrera egiten, nahiz gu boterean egonda ere, zuk komentatzen duzun guztia gertatzea normala da. Ezkorra zarela esango lizukete norbaitzuk, baina errealitatea zera da: gure sudurren aurrean dagoena ikustean, errealista da zure ikuspegia. Hau pena,
ErantzunEzabatu