Eilen Jewell |
Eilen Jewell "Sea of Tears" (Malkoen Itsasoa)
ari zen kantatzen eta Estatu Islamikoko gudari beltzek Iberiar penintsulan gora
egiten zuten, Al-Andalus menperatu ostean. Espainiar armada, soldadu
latinoamerikarrez betea, eta oso lanpetua Kataluniako matxinada zanpatzen, ez
zen inbasioari aurre egiteko gauza.
Horrelako irudi
beldurgarriak bertan behera geratu ziren "I Remember You" (Gogoratzenzaitut) kantuaren lehenengo akordeekin batera. Ez dakit duen ahots triste
horregatik, edota defuntuen gauean geundelako izango zen, baina faltan
sentitzen ditudanak nire aurrean hasi ziren desfilatzen. Ez zen goibeltasuna
edo samina bakarrik, sorrarazten zidatena. Victor Hugok esan omen zuen
malenkonia tristuraren plazera dela, eta, oholtzatik heltzen zitzaizkidan notak
malenkoniazko besarkada modukoak ziren. Eilenek eta haren taldearen musikak,
maite izandako guzti horiekin bateratu ninduten nolabait.
Gauean zehar, doinuen artean beste hainbat begitazio izan ziren:
Amoranteak ihesi antzinako tren bakartietan, ezinezko amodio istorioak,
ezkutuko taberna ahaztuak, betiko galtzen diren ametsak, Gazteluetako
zuzendariek salatutako irakaslea Zeelanda Berrirako bidaia eskaintzen...
(batzuetan nire buruari beldur diot, benetan). Hauek
eta beste gogoeta asko nagusitu ziren Eilen Jewell eta haren aparteko taldearen
emanaldiak nire zentzumenak laztantzen zizkidan bitartean. Hauexek dira hain
zuzen auditoriumetan antolatzen diren kontzertuen abantailak. Dantza,
topaketak, kalaka eta barrara egiten diren bidaiak aldera utzita, musikak eta
emankizunak jaun eta jabe izatea lortzen dute, eta irudimena are errazago
mugitzen da, inguruko ohiko zaratak oztopo izan barik...(edo zahartzen ari
naizelako ote da?)
Eilen Jewell
Boisetik, Idaho-ko hiriburutik zetorren. Bere "Dark Country" estiloko
kantuek mingostasun puntu eder bat daukate eta abesti gehienetan ez da falta
antiheroi bakartirik edo bukaera zorigaiztoko kontakizunik (beharbada hortik
zetozen nire burutazio ilunak). Hala ere, aurkezpenetan oso gozoa agertzen
zitzaigun, gaztelania nahiko landua erakutsiz, eta hitzen bat ere euskaraz
eginez. Euskal Herrian "etxean bezala" sentitzen dela zioen, bere
jaioterria "euskaldunez beteta baitago". Froga modura
"Kalimotxo" izeneko abestia jo zuten, "bertako euskaldunen
jaietan ezagutu zuen edaria hain zuzen". Bere Europako biraren azken data
zen hura eta aitortu zuenez, bere hamasei hilabeteko umetxoarekin ibili da
hiritik hirira “abentura itzela biziz”.
Batzuetan miraria gertatzen da: deskubritzen ari zaren artista, autoz egindako zure eguneroko bidaietan
entzuten duzuna, zure etxeraino dator eta bere musikarekin gehien gozatzen ari
zarenean, hain justu ere, zuzenean dastatzeko aukera sortzen zaizu; nonbait, norbaitek oparirik desiratuena
egingo balizu bezala. Kasu
honetan garaiz izan nuen bere etorreraren berri eta horrela Andoainera abiatu
ginen, bigarren ilarako bi sarrerak poltsikoan. Ia-ia esperientzia mistikoa,
hor bizi izan genuena. Horrelako gauzetan datza bizipoza.. Ez al da hala?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina