"El Rubius" |
Orain, betidanik miretsiak
izan zirela pentsatu arren, The Beatles eta The Rolling Stones taldeak ez ziren
1960ko hamarkadan horren serio hartu. Garaiko prentsako artikulu askotan, ziztu
bizian pasatuko zen moda ergeltzat besterik ez zuten hartzen.
Zenbait urte geroago
antzeko zerbait gertatu zen punk mugimenduarekin. 1977. urtean garai hartako tele-aurkezlerik famatuenak
Sex Pistols taldea gonbidatu zuen bere “late-night” ikuskizunera. Bazirudien
tabloide guztietako azaletan zeuden “friki” horiekin programaren audientzia
igotzeko aukera ederra izan zitekeela, azken finean lerdo horietaz barre egitea
nahiko erraza ematen zuen.
Baina “lerdoek”
horrelako emankizunetan agertzeko arau guztiak lehertu zituzten eta hurrengo
egunean Bill Grundy, saioaren gidaria, kaleratu zuten.
Honelako eredu ugari izan
da historian zehar, eta ez bakarrik musika munduan. Establishmentean gustura
dauden behi sakratuek errealitatearekin kontaktua galtzen dute eta belaunaldi
berrien indarra mespretxatzeko joera erakusten dute. Horietako askok, bere garaian
ez-ulertuak ere izan zirela ahaztuz.
Hau guztia gogora etorri
zait “El Rubius” izeneko “youtuber”ak El Mundo egunkariarekin izandako
haserrearen berri izan ondoren. Otsailaren zazpian, Pedro Simón kazetariak elkarrizketa
bat egin zion gazte askorentzat (15 milioi jarraitzailetatik hurbil dago)
erreferente bihurtu den hogeita bost urteko youtuber honi. Tituluak nahikotxo
esaten digu lanaren ildoaz: “Interneten janaria eskatzeaz bizi naiz”. “Prentsaz
nekatuta” izeneko bideo batean (hau idazterakoan zortzi milioi bisitara
heltzear dagoena) Ruben Doglasek -El
Rubiusen benetako izena baita- gogor salatzen du kazetariaren jarrera, bere ustez bera barregarri uztea, besterik ez
dena. Jasotako elkartasun mezu eta txioak eta beste hedabideetan izandako
oihartzunak bere kanalaren eragina biderkatu du. Bestalde, sekula ez duela
elkarrizketa gehiago emango iragarri du...
Rubenek bideoan
komentatzen duenez, batzuek –El Mundoko kazetaria barne- ez dute haren lana
errespetatzen soilik Youtuberen bidez egiteagatik, hori erraza bailitzan. Egia
esan, neurririk gabe hazten ari den fenomeno baten aurrean gaudela dirudi.
Gaztetxoen artean nekez aurki daiteke telebistan edo irratian horrenbeste
arrakasta lortzen duenik. Bestalde youtuber askorentzat haien zeregina ogibide
bihurtu da eta banaka batzuentzat, diru mordoa irabazteko era ere bai.
Euskal Herrian ere baditugu
aipatzeko moduko youtuberrak: Borja Luzuriaga Luzu Los Angeles hirian bizi den bilbotarra
da eta sei milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere hiru kanaletan. Maila
apalago batean, Telmo Trenado zumaiarrak 57.000 jarraitzaile ditu bere magia kanalean. Iban Garcia hamasei
urteko gaztea, nahiko ezaguna egin da gure gaztetxoen artean.
Azkoitiarrak 34.000 jarraitzaile ditu gaztelaniako kanalean eta 922 euskarazkoan. Egia esan Youtuberren artean
euskarak oso toki txikia du, oraingoz behintzat.
AuronPlay (Hiru miloi
jarraitzaile) eta Wismichu (Lau
milioi) youtuber ospetsuenen artean daude. Hiriz hiri egiten duten topaketetan
izugarrizko ilarak sortzen dira haiekin “selfie” bat egiteko edo hitz pare bat
trukatzearren.
Edukiei dagokienez -beste edozein hedabideetan
bezala- denetarik aurki daiteke. Zaborra eta buruargitasuna elkarrekin bizi
dira horrelako kanaletan. Baina badirudi,
demokratikoa eta interesgarria den zerbaiten aurrean gaudela, eta, antza,
fenomenoa hasi besterik ez da egin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina