2016(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

POURQUOI?

Baionako jaietan hartutako irudia
Baionako jaietan nengoelarik, joan den udaran, atentzioa eman zidan abertzaletasunaren ikurrak -edo mugaren alde honetatik halakotzat ulertu ditugunak- nonahi agertzen zirela. Areago: Euskadi deitura, hemendik nahiko ofiziala bihurtu dena, erraz ikus zitekeen ikurrina ugarietan eta jai-zapietan. Ikurrina, bide batez esanda, udaletxean zegoen gainerako banderekin batera, inolako eztabaida sortu barik. Hori bai, frantsesa eta gaztelania euskara baino askoz gehiago entzuten zen, izan ere bakarrik zenbait plaza talderen abestietan eta AEKko egoitzan entzun nuen. Hala ere, informazio ahuleko bisitariren batek nahiko giro nazionalistan murgilduta geundela suma zezakeen, bertako hauteskundeetan horrenbeste igartzen ez dena.
Horrelako zerbait nabaria da, baita ere, Boise eta beste antzeko lekuetako euskaldun giroko jaietan. Han egondako lagun batek komentatzen zidanez ohikoa da galdera harrigarri bat entzutea bertokoen ahotsetan: Zu zer zara, espainola edo frantsesa? Euskalduna zarela erantzuten badiezu, normaltasun osoz galdetzen dizute berriro: baina euskaldun frantsesa ala espainola?  
Pasadizo hauek burutik pasa zaizkit “Pourquoi est-on independantiste a Hernani et pas a Bayonne?” (Zergatik independentista gehiago Hernanin Baionan baino?) liburuaren egilearen gogoetak irakurri ditudanean.
Peio Etxeberri-Aintxart (Baiona, 1973) Lapurdiko historialari, idazle eta argitalpen zuzendaria da. Elkar argitaletxean argitaratu berri duen liburu honetan historiaren garrantzia azpimarratzen du honelako fenomenoak argitzeko orduan. Landeia aldizkarian egindako elkarrizketa interesgarrian, liburuari titulua ematen dion galderari erantzuna ematen saiatzen da:  “Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko mugak du Euskal Herria zatitu, puxkaka, erdi aroan zehar. Luzaz, muga arras teorikoa zen eta hemengo jendearentzat eragin berezirik ez zuen; baina Estatu modernoaren eraketa eta batez ere absolutismoa indartzen hasi direnetik (XVII. mendetik aurrera), zerga-amaraunak eta kontrol administratibo eta militarrek Euskal Herriko bideak joanago eta gehiago urrundu dituzte. Baina urruntze nagusia arimarena izaten da, eta Iparraldeko euskaldunak nazio frantsesaren alde hiltzen hasi direlarik (Lehen mundu gerran batez ere), auzia lotua da”.
Iraganean izandako guden ostean, -batez ere iragan hurbilean- herrien memorian geratzen diren atzamarkak garrantzi handikoak izaten dira, ezbairik ez, horrelako galderak erantzuteko orduan. Iparraldeko euskaldunek ikasten duten historian, horiek parte hartu zuten bi mundu gerretan Frantziaren alde, inbasore atzerritarren kontra. 
Gurean izandako azken gatazkan ordea, euskal hiritarrak sakabanaturik geunden. Batzuek jaio berri zen Estatutu baten alde (Espainiar Errepublikarekin sortua) borrokatu zuten eta beste batzuk Franco eta Mola bezalako kolpisten alde aritu ziren. “Kontaketa bateratua” ez da oraindik benetan idatzi eta batzuek beste zerbait nahi izan arren, zauri gehiegi itxi gabe daude oraindik, nabaria denez.
ETBren “Berandu baino lehen” programan Bernardo Atxagak berriki esaten zuen Estatu Batuetako euskaldunen giroan deigarria dela erakusten duten alaitasuna. Franco eta ETA gabe bizi diren euskaldunak dira -gehitu zuen- eta izugarri antzematen zaie.
Eta etorkizunari begira? Etxeberriren hitzetan: “Baliteke geroan Euskal Herria Estatu-nazio bat bilakatzea, baina historian izan den balizko parada bakarra Nafarroako erresumarekin galdu zen”.



2 iruzkin:

  1. Baionan bizi den Itxaro Borda poetisa etortzen zait askotan burura. Suposatzen da bera ipar-euskalherrian bizi dela, baina beharbada hegoaldetik hurbilegi. Eta ofizialki Frantzian bizi den arren, zure lagunak komentatuko galderaren aurrean aurrean (espainola ala frantseza?) zihur nago euskalduna dela erantzungo lukeela. Orain dela urte asko Donostiako areto batean bere olerkiak irakurri zituen. Han nengoen eta zur eta lur utzi nindun. Bere referentzia, nola ez, Hertzainak taldeko letra edo hitz asko bereak direlako neukan nik. Oso ezberdina da olerki bat irakurtzea, edo olerkia egiten duen poetisaren hitzetan entzutea olerki hori. Batez ere poetisa horrek Itxaro Bordaren moduan errezitatzen badu oleki bat. Zoragarri, kasu hartan. Melankolia xamur bat transmititzen zuen bere tonuan, bere hitzetan, eta bera polit bihurtzen zen olerkiak irakurtzean. Nik pertsonalki aberriari buruzko sentimendua ez dut batere ondo sartuta eta arazoak sortu dizkit.
    Hala ere Bernardo Atxagaren hitzak ez naute harritzen. Estatu Batuetan ez da Euskal Herrian bizitako giro mindu eta tristerik egon. Beharbada, han bizita, euskaldunen arteko alaitasuna eukiko nuke euskeran hitzegitean. Eta gainera, bizi naizen Donostian euskera ia ez da entzuten. Asko alaitu ninduen horregatik Getarian egondako egun batean, taberna geihenetan euskera natural eta alaia entzutea. Eta egon ginen taberna guztitan tabernako zerbitzari denak euskeraz hitzegiten zizuten zuzen-zuzen. Poza eman zidan.

    ErantzunEzabatu
  2. Izugarri interesgarria joan den egunean Itxaro Bordarekin egindako elkarrizketa. Fermin Etxegoienenkin Baionatik paseiatzen zuen bitartean, bere ikuspegi literarioa, bere jarrera politikoa eta bere "armariotik irtetzea"ren berri ematen zigun oso era lasaia eta dibertigarria.

    ErantzunEzabatu