2016(e)ko martxoaren 13(a), igandea

ARANA ZURI-BELTZEAN




Sabino Arana. Gure kale nagusietako askori izena jartzen diona. Batzuentzat heroi, beste batzuentzat doilor. Denok  askotan entzun dugun izena, baina, oro har, egungo gizartean ezer gutxi ezagutzen dena. Gutxiegi, aspalditik boterean dugun alderdiaren fundatzailea dela kontuan izanik. 
Aurten bere jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen ari da eta horren harira bere inguruko erakusketa interesgarri bat zabalik dago Bilbon, foru aldundietako Bizkaia erakundeak antolaturik. Topikoetatik urrundu nahian, Sabino Aranaren ibilbide politikoa eta garaiko estetika ditu ardatz.
Joseba Agirreazkuenaga historialaria da komisarioa. María Díaz de Haro kalean, 11. zenbakian dagoen erakusketan gidaritza aparta egin zidan bitartean, nire galderak erantzuten zizkidan: Benetan al gaude eragin politiko handiko pertsonaia baten aurrean?
Bere eragina XIX. mendean eta XX. mendean nabarmena da. Joera berri bat sortu zuen, euskal abertzaletasunaren ideia mamitu eta, nolabait teoria baten arabera indartu egin zuen. Horrez gainera erakunde sendo bat sortzen saiatu zen. Azken batean berak egiten duena da euskaltasunaren politizazioa. Euskaltzalea zen eta euskaltzaletasun hori politikaren esparrura eramaten du. Bi ardatz daude erakusketan: alde batetik zelan bihurtu zen euskaldun eta bigarren fase batean berak proiekzio publiko bat eman nahi dio euskaltasun horri. 1898an Bilbo barrutian izan zen hautatua, eta egon zen bost urte Bizkaiko diputatu moduan. Erakusketan bere kudeaketa diputazioan zein izan zen erakusten da.
Hala ere, Aranaren “Bizkaya por su Independencia” eta beste hasierako izkribuak irakurtzean, harritzekoa da “maketo” eta antzeko terminoak zelango naturaltasunez erabiltzen dituen, gaur egun guztiz onartezina izango litzatekeena. Baieztatu al daiteke Sabino arrazista bat zenik? Agirreazkuenagaren iritziz komenigarria da hau ongi zehaztea:
“Arrazismo biologikoaren” ikuspuntutik ezin daiteke  kontsideratu arrazista. Esango genuke xenofobia edo kanpotarrekiko mesfidantza dela berea. 1893 eta 1895 bitartean idazten dituen artikuluetan “anti-españolismoa”ren kontra idazten du. Ez da autore bakarra, berez Sabino Aranak ez du hori asmatzen, Bilboko gizartean dago, beste idazle batzuek ere erabiltzen dute, Emiliano Arriagak adibidez “El bilbaíno neto” kontzeptua erabiltzen du.   Unamunok ere “jatortasunari” buruzko gogoetak egin zituen. Hori bai, jatortasunaren teorian oinarritzen da Sabino gizartearen antolaketa egiteko.
Agian haren kontrakoak izan direlako, gehienbat, berari buruz idatzi dutenak, ezagutu ditugun ezaugarriak ez dira funtsezkoenak izan.
Garaiko oligarkiaren kontrako jarrera adibidez, ez da hain ezaguna:
Bigarren fase batean 1896an eta bereziki 1898an  biltzen da beste joera euskaltzale bat dutenekin. Azkue, Sota, Landeta eta abar. Euskalherria joera dutenekin hauteskundeetara aurkezten da eta orduan beste ikuspegi bat agertzen da. Jatortasunaren diskurtsoa bigarren maila batean gelditzen da eta diskurtso politikoa lehenengo maila batera pasatzen da. Fase honetan bere gestioa “anti-jauntxo” bihurtuko da. Nortzuk ziren kazike horiek?  Ba Victor Chavarri inguruan sortu zen “Unión Liberal” , “La piña” deitutakoak. Industrializazioari esker aginte ekonomiko eta politikoa zutenak. Sabino Arana oligarkia honen kontrako erreakzioaren burua izango da.
Arturo Campionen hitzetan: “Sabino Aranaren izen ospetsua eztabaidaren baitan dagoen bitartean, inork ez du hura aipatuko asaldatu gabe”.

       




     

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina