Woody Allen eta Kristen Steward |
Kaixo Woody. Irakurri berri dudanez, "Cafe Society", zure
azken filmak Canneseko jaialdia zabalduko du. Bide batez laurogei urte bete dituzula
jakin dut.
Oso gaztea nintzen ezagutu zintudanean. Santurtziko Serantes zinean izan
zen eta ez dut ondo gogoratzen zergatik sartuko nintzen "Bananas"
ikustera. Garai hartan ohikoa zen zinera joatea "ea zer ematen duten"
ikustera. Eszena batean Fidel Castroren plantak egiten zenituen jendetza
aurrean: "Bihartik aurrera denok galtzontzilo gorriak eraman beharko
dituzue!". Harrezkero, laster, antiheroi berria bilakatu zinen. Lehenengo pelikula
horietan barre algarak bermatuak zeuden: "El Dormilón", "Toma el dinero y corre",
"Todo lo que usted quiso saber sobre el sexo y nunca se atrevió apreguntar", "Sueños de un seductor", "La última noche deBoris Grushenco". Pelikula
guztietan pertsonaia berbera antzezten zenuen garai hartan: tipo itsusi bezain
atsegina, zailtasun asko zituena ligatzeko orduan. Denok genekien zer-nolako filma
ikusiko genuen eta denak poz-pozik gindoazen auzoko zinera barrez lehertzera,
berdin zitzaigun behin eta berriz pelikula bera ikustea. Baina laurogeiko
hamarkadarekin batera zinegile serio bihurtzea erabaki zenuen:
"Interiores", "Hannah y sus hermanas" eta "Manhattan"
moduko zintetan. Azken honekin azkenean, merezitako oscarra lortu zenuen, baina
ez zenuen hartu "astelehenetan klarinetea jotzen zenuen lagunartea
zeneukan eta ez zenuen hori bertan behera utziko". Amodioak eta heriotzak
osagai izaten jarraitzen zuten, baina algarak, zine aretotik at geratzen ziren.
Denboraren poderioz umorea eta drama elkarrekin biziko ziren, zure estilo
bakarra eta aldera ezina sortuz. Batzuetan filma borobila geratzen zitzaizun,
beste batzuetan ez horrenbeste, baina beti zegoen esaldiren bat, eszenaren bat,
une magiko bat, mereziko zuena: "Broadway Danny Rose",
"Zelig", "Radio days", "Desmontando a Harry" (bakar
bat aukeratzekotan)... Zure obsesioen zerrenda handituz joan zen: zortea,
magia, neurosiak, erlijioa... munduko judurik ospetsuenetarikoa izan arren,
ikuspuntu autokritikoa ohikoa izan da baita ere: "Eta holokaustoa zer? Gezurrezkoa
izan zen ala?" -galdetzen zuen zure pertsonaia batek -"Ba ez, baina
markak, gainditzeko daude hor", erantzuten zuen zuk antzezten zenuenak.
Mia Farrowrekin izandako ezkontzaren eskutik egun ilunak etorriko ziren.
Epaileak arrazoia eman zion Miari: abusatu egin zenuen Dylan bere alabaz.
Zalantzarik baldin bazen, harexek baieztatuko zuen nerabezaroan. Jakina da:
artista aparta izateak ez du bermatzen pertsona gomendagarria izatea. Edonola
ere, ezin hau uka: Gustuko izan ala ez, zure pelikuletan beti dago merezi duen
zerbait. Gogoeta bat, eszena bat, esaldi bat... Horietako asko klasiko bihurtu
dira: Nire gogokoen artean: " Politikoen bokazioa hau da: Irtenbide
bakoitza arazo bihurtzea"; "Sexua esperientzi hutsala da, baina
esperientzi hutsalen artean gogokoen dudana" ; "Nire txantxa egiteko
era egia esatean datza, egia txantxarik dibertigarriena da".Eta urrezko
amaiera emateko: "Oso
erraza da 100 urtera heltzea, aski duzu 100 urte bizi nahi izatea eragiten
dizun guztia bazter uztea".
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina