2016(e)ko apirilaren 17(a), igandea

PARIS EURIPEAN




Bost egun Parisen bisitan. Etengabeko euria lagun edo etsai. Turistak nonahi. Ilara luzeak museo eta monumentu guztietan. Orsay museo ederraren atarian kaleko swing-musikari trebeak. Udaletxeak jarrita? Casting batean aukeratuak?... Perfektuegiak egiazkoak izateko. Barruan antzinako artista onenen aztarna. Van Goghen haluzinazioak. Renoyren inpresioak. Couberten “munduko jatorri” bortitza. Giza pasioak behin eta berriz errepikatzen. Jantziak eta apaindurak aldatu egiten dira baina artelan horietan, beste horrenbeste museoetan bezala,  betiko desioa, mendekua, maitasuna, gorrotoa, botere grina, zoritxarra eta belaunaldi berriak astintzeko nahia islaturik daude.
Artelan guztien artean atentzioa ematen dit “Désir”izeneko erliebea, Aristide Maillol-ek egindakoa 1907. urtean. Gizona eta emakumea desiraren alde ezberdinak erakusten. Lehenengoa: zuzena, bigarrengoa zalantzazko punta batekin.
Iraganean bezalatsu, mundu osoko bisitariak dira ikusgai Parisen, baina orain asiarrak biderkatu egin dira nabarmen. Militarrak ere bai. G.E.O. antzeko mozorrodun bikoteak korrika dabiltza Montmartreko margolarien artean, Notre Dameko atarian, Eiffel dorreko inguruetan eta metro geltoki guztien iragarkietan, errekrutatze kanpaina erraldoi baten barruan. Gaztelera ohikoa da bozgorailuetan. Hasieran soldaduen ezusteko agerpenak izutu egiten zaituzte. Laster paisaiaren partetzat hartzen dituzu.
El Intermedio saioan entzuna: “Paris, maitasunaren hiria, baita zazpi euroko ur-botilena ere”... egia da. Gure poltsikoetarako Paris oso garestia da, baina Erasmus bekadun alabak badakizki dagoeneko ikasleen zoko preziatuak zeintzuk diren: jazz ona dastatzeko kobazuloak, bidezko prezioko jantokiak, Happy hour pubak.
Murrizketen kontrako mobilizazioen barruan, metroan ordutegi arazoak ditugu. Frantzia beti serio grebarako orduan.
Louvre museoan ez dago artea soseguz disfrutatzeko  paradarik. Giocondak selfie-makilen artean dauka irribarrea ezkutatuta.
Javier Reverte idazleak, Un Verano Chino liburuaren aurkezpenean esandakoak gogora datozkit: “Pekingo hiri zaharrean antzinako etxeak daude ikusgai, baina barruan ez ditugu benetako biztanleak aurkituko, turismo-gidariak baizik”.  Horrelako zerbait antzeman nuen Sevillan, Istanbulen, Bartzelonan eta Pragan ere. Turismoaren negozioa horren garrantzizkoa bihurtu denez, hiri hauetako erdiguneek erabat galdu dute sena. Hor jarraitzen dute ikono erakargarriek, baina lehengo auzokideen ordez, orain turista laino bat dago. Eurodisney bat izango bailiran halako erakusleihoak moldatu egin dira bisitarien neurrira. Horrelako zerbait datorkit burura, baita ere, Alberto Cortez edo beste hainbati honelakoak entzuten dizkiedanean: “Orain Bilbao distiratsu agertzen zait, ez du iraganekoarekin inolako zerikusirik”...
Baina tamalez, badaude, baita ere, erakusleiho horiek interesgarri ikusi dituztenak. Parisen, Bruselan, Madrilen eta Istanbulen, besteak beste, haien odolezko sinadura utzi dute.
“Garaipenaren arkupetik” pasatzean, ezinbestean, naziak gogoratzen ditut. Historiak askatasuna zein makala izan daitekeen erakutsi digu behin eta berriz. Mehatxua beti dago hor. Baina ez dago beti horren argi non kokatzen den “hor” hori.     




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina