Lander Martinez, Nagua Alba eta Eduardo Maura |
Madrilgo plaza bat jendez gainezka, aho batez “sí se puede”
oihukatuz. “Podemita” guztien ametsa egia bihurtu zen joan den igande gauean...
baina amesgaizto bilakaturik.
Podemosen leloa peperoen ahotan. Zeinek esango zuen.
Horrek, behintzat, zein goiburu erakargarria den erakusten digu.
Eta zer da “ahal izan dena” kasu honetan?
Ba ahal da, bai, baieztatu denez, hauteskundeetan
irabazle izatea -eta botoen kopurua handitzea- zure alderdiko agintari bat astero
ustelkeriagatik auziperatua izan arren.
Ahal da, bai, -PSOEk erakutsi duenez- pozik agertzea zure
emaitzarik okerrenak lortu eta gero.
Ahal da, baita ere, “Unidos Podemos”-ekin agerian geratu
denez, bozka pila bat galtzea inolako botere higadurarik izan gabe, gehienbat -nire
susmoa da- gainerako guztiek Venezuela eta Greziaren mamuak jo eta ke astindu dituztelako.
Koalizio honetako kide batek honela azaltzen zuen Facebooken: “Izan da, zure
bikoteak zurekin apurtu nahi duela esaten dizunean bezala, zuk inola ere sumatu
gabe...”.
Baina euskal ikuspuntutik emaitzen irakurketak erabat
ezberdina dirudi. “Ahal Dugu”k bigarren aldiz jarraian nabarmen irabazi du eta
alderdi berri bat denez gero, hau guztiz
azpimarragarria bihurtzen da, areago hautagaien artean
aurpegi ezagunik ez dutela izan kontuan izanik.
“Podemos-Ahal Dugu” taldeko buruek ez dirudite ohiko
politikoak, ez irudietan, ez hitz egiteko moduan. Lehenengo aldiz irabazi
zutenean inork ez zion garrantzi handirik eman; “badakizu, beti dago modan
dagoen bitxikeriaren bat, laster pasatuko da, telebistaren eraginagatik izan
da, ezbairik ez, ikusteke dago
autonomikoetan, erakusten duten pisuari eusteko gai diren ala ez...”
Baina Nagua Albak esan zuenez “Inoiz ez du EAJk bi aldiz
jarraian Euskadin galdu” eta Espainia mailan lortu ez duten ditxosozko
“sorpassoa” baliteke hemen gertatzea, euren kabuz edo beste batzuen laguntzaz.
Deigarriak dira, bestalde, Nafarroan lortutako emaitzak.
Bigarrengoz haien aukera ezkerreko nagusia
izan da, eta, bigarrengoz, indar abertzaleek eskuratzen zituzten ordezkariak haientzat
izan dira.
Denok dakigu bertokoak hauteskunde ezberdinak izaten
direla eta Eduardo Maurak ohartarazten zuenez, jeltzaleek faboritoak izanez
jarraituko dute.
Hala eta guztiz ere, harrigarria da benetan gertatzen ari
dena. “Ahal Dugu” da euskal alderdien artean iraganarekin zerikusirik ez duen
talde bakarra. Inork ez diezaieke
aurpegiratu ETAren alde aritu izana, gerra zikinarekin izandako erlazioa
edota hilketen aurrean bestaldera begiratu izana. Egunkarien argazkietan
agertzen diren aurpegi gazte horiek ez zeuden hor, bizi dugun drama indarrean
zegoenean.
Beharbada haien arrakastaren parte mamitsu bat ildo honetatik dator. Ez dira gutxi,
herrialde honetan, betiko mantrak entzuteaz nekatuta daudenak. Agian hor egon
daiteke, haien ahalmenik sendoena.
Baina horretaz aparte, zaila egiten zait bertoko eragile
askorekin zelan konponduko liratekeen asmatzea: Confebask, sindikatuak, Ezker
Abertzalea, EAJ-PNV, Kutxabank, Iberdrola eta beste hainbat, gurean oso sustrai
finkoak dituzten erakundeak dira eta beraien artean, dudarik gabe, ez dira
faltako horrelako zerbait gerta ez dadin mugituko direnak.
Gezurra dirudien arren, gure mapa politikoan ere
aldaketarik suma daiteke. Egun interesagarriak, datozen hauek.
ROBERTO MOSO
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina