Dee Dee Bridgewater Getxoko Jazzaldian |
Udako lehenengo egun hauek heltzerakoan, ezinbestean gogora
datorkit Pio Lindegaard-en oroipena. Aparteko pertsonaia honek jazza maitatzen
irakatsi zidan. Ohikoa zen Radio Euskadiko estudioren batean kaskoak ipinita
eta begi itxiak zituela bere jazz maitatua gozatuz ikustea. Nik ezagutu nuenean
Piok agure atseginaren itxura zeukan. 'Batería y Contrabajo' saioa gidatzen
zuen eta gustuko zuen, argi gorria itzalita ere, luzaroan bere pasioa zabaltzen
irratian geratzea, nire eta beste hainbaten belarrien gozamenerako. Piok ez
zituen gustuko musika eztabaidak. Gustu guztientzat errespetua erakusten zuen,
baina, hori bai, Benny Carter, Pedro Iturralde, Count Basie edota Ella
Fitzgerald-en tankerako izenak aipatzean beste distira mota bat sumatzen
zitzaion begietan.
Bilboko
kontsul izandakoak askotan zuen ahoan baieztapen hau: «musika guztietan dago
onik eta txarrik, baina jazza askatasuna da, horretan ez du alderatuko
zaionik». Piok esandakoak guztiz konprenitu nituen Donostiako jazzaldira
lehenengoz joan nintzenean. Ez zen gertatu ospeko
izen baten zuzenekoa ikustean, baizik eta kale gorrian. Urrutiko
herrialdeetatik etorritako musikariak hondartzako ibiltokian elkartzen ziren
eta haien artean, agur bat apenas partekatu ondoren, musikaz osatutako
elkarrizketei ekin zieten. Horrelako zerbait bizi izan dut, baita ere, luzaroan
Getxoko jazzaldian, batez ere ordu txikietako emanaldietan, Irish pubean
inprobisazioak egiten diren saioetan. Oinarriak berdinak dira guztientzat, baina haien
arteko kimika ez da beti berdina. Elkar ulertze magiko hori pizten denean,
aurpegietan marrazten zaie. Ezusteko ezkontza hori –Piok azaltzen zidanez–
jazzean bakarrik gertatzen da.
Beharbada horren gozo sentitzeagatik jazz
musikari askok nahiko sasoi ona erakusten dute, berdin dio zein helduak diren. Ikaragarria, adibidez, joan den egunean Dee Dee Bridgewater-ek Getxon
eman zuen kontzertua. Itxurakeria izpirik ere ez zen sumatzen han, bi ordu eta
gehiago jo eta ke aritu ondoren, musika munduan jaioberria bailitzan.
Are sinesgaitzagoa, joan den Aste Santuan Madrilen bizi izan nuena. Clamores
izeneko areto mitikoan Pedro Iturralde saxofonista zegoen iragarrita.
Laurogeita bost urte beteta izanik, izango al zen benetan aukera egokia?
Nolanahi ere, Pio jaunak sekula ez zidan barkatuko. Barrura sartu behar. Eta
bai, merezi zuen. Oholtzan agertzean, bere ibiltzeko era geldiak pista
faltsuren bat eman ahal zigun arren, laster, hasieratik poltsikoan zuen entzuleria
baten aurrean sasoian zegoela erakutsi zuen. Ordu eta laurdeneko emanaldi
batean zehar etxeko marka duten piezak errepasatu ondoren, taldea osatzen zuen
hirukoteak alde egin zuen –astiro-astiro berriro ere– aldagelarantz. Bisa
eskatu zitzaion, baina ez oso era sutsuan. Azken finean adineko gizona da eta
han geundenok –apustu egingo nuke– nahiago genuen ez abusatzea.
Baina,
bai, berriro agertu ziren eta Pedrok toalla bat eskuan, honela esan zigun:
«Zuen baimenarekin, orain tresnaz aldatuko dut». Jarraian ikusteko aukera izan
genuena, sin-es-te-zi-na izan zen. Pedro Iturralde bateria jotzen bere bizi
osoko musika tresna izango balitz bezala. Horrezkero, denok zutik jarrita, bai
txaloaldi ikaragarria eta luzea jaso zuena. Dee
Dee Bridgewater-ek Getxon leunki abestu zuenez: «Music is the magic of a secret
world». Eskerrik
asko, Pio Lindegaard jauna. Agur eta ohore. Bateria eta kontrabaxuko zeru bat
opa dizut.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina