“El hombre que amaba a los perros”, Leonardo Paduraren
liburuaren irakurketa, nire oporraldiarekin batera hasi nuen. Eleberriko
protagonistak Kubako hondartza urrun batean oso tipo berezia ezagutu zuen. Nire
begiak liburutik altxatzean, Sopelako hondartza surf giroko jendez betea nuen
inguruan.
Trotskyk Turkian pasatako nekeek bainuaren tronuan
harrapatu gintuzten, garagardotegi-osteko digestio madarikatu bati amaiera ipini
-kostata- nahian.
Gerra zibilean Errepublikako tropen artean Bartzelonan
gertatutako istilu tamalgarriak, Bartzelonatik Sardiniarako Ferryan irakurri
nituen. Liburua gainean nuela loak hartu ninduen. Itsasontziko motorren
burrunba zela eta, erdipurdiko loaldia izan zen hura. Aldiro, POUMeko miliziano
eta estalinisten arteko tiroketak arnas estuka-tuka-tuka esnarazten gintuzten.
Geroago denboraldi lasaiagoa etorriko zen. “Costa Paradiso” izeneko urbanizazioan Europa osoko turista eta tatuajeak basurde
baketsuekin batera bizi dira (ez da txantxa). Bertoko terrazan etzanda,
Mediterraneoa bare-bare aurrean, sobietar
inteligentziak nola Ramon Mercader aberaskumea Belgikako “bon vivant” bilakatu
zuen jakin nuen. Horren helmuga: Trotskyrengana gerturatzea eta azkenean hiltzea.
Oso lan fina hau benetan. Bere helburua lortzeko, Ipar Amerikako neska troskista
baten bihotza irabazi beharko zuen baita ere. Urteak eta urteak amorante kartsu
baten plantak egiten “munduko proletario guztien etsairik handiena” mundutik
ezabatzeko.
Destino petralak beste hondartza
batean kokatu ninduen, oraingo honetan Sardinian. Bertan, nire harridurarako, beste
Trotsky bat deskubritu nuen. Mexikoko hozberoek eta Kalho ahizpen xarmak bero-bero
jarri omen zuten iraultzailea, haren bizitza arriskuan jartzeraino.
Leonen bihurrikerien deskribapenak
erabat eraginkorrak ziren; hondartza nudista batean ez egotea eskertzeko
modukoak.
Bidaia-agentzian itzulerako kamarotea ez hartzea
gomendatu ziguten. “Besaulkietan oso ondo egin daiteke lo eta egunez
bidaiatzean itsasontziko atrakzioekin gozatzeko aukera izango duzue”. Akatsa.
Ontzi-barruko besaulkien aretoan ez zegoen lo egiterik. Aire girotuak Alaskan
bertan jartzen zintuen, eta, ongi aholkatutako bidaiariek bakarrik
zeramaten burusia. Bestalde Ferryaren aukerak
ez zuen ezta bi ordurako atsedenaldia ere ematen... eta hamahiru orduko bidaia
zen... bada, mahai-futbol partida eta kuluxka artean (imajinaezinezko tokietan)
Frantziara pasatzen ziren galtzaileen berri izan nuen: goseti, atsekabeturik,
Frantziako kolonietatik ekarritako soldaduek zakarki astinduak... Guda garaian
urrutiegi izan ziren auzokideek orain mesprezuz hartzen zituzten askatasunaren
aldeko borrokalariak...
Horietako esnatze mingarri batean, metalezko mahai hots
baten gainean, buruan sortutako min-ziztadak Leon Trotsky gizagaixoa akabatu
zuen pioleta gogorarazi zidan. Ramon Mercaderrek esango zuenez, bere bizitzako
egun guztietan, bere garezur pareten artean errepikatuko zen garrasi ikaragarri
hura.
Ezinbestean, liburu hau bidaia honekin egongo da betiko
loturik. “El Fulgor y La Sangre” Lizarrarekin, eta, “Obabakoak” Araotz
auzoarekin bildu ziren antzera. Uda. Koktelen denboraldia izaten da. Eta batzuetan
gozo-gozo sartzen dira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina