2016(e)ko abuztuaren 30(a), asteartea

TROTSKIREN GARRASIA

"El Asesinato de Trotsky" pelikularen kartela.
1940. urtean gaude. Hitlerren tropak Parisen sartzear daude. Bere zabalkuntza kanpaina, Europan zehar, harrigarri arrakastatsua suertatzen ari da. Europa erdia bere eskuetan dago eta ia muniziorik gastatu barik.
Jacques Mornard izeneko gazte belgikarra -Parisen bizi den arren- kezkati dabil gertatzen ari denarekin. Aberaskumea eta negozio-gizona izanik, Jacquesek ez du inoren alde borrokatu nahi, ezinbestean datorren gerra horretan.
Azken bolada honetan, gazte belgikarra Silvya Ageloff, Ipar Amerikako neska konkistatu nahian dabil. Inork ez du ongi ulertzen horrenbesteko interesa. Sylvia ez da batere polita eta troskistatzat du bere burua. Jacquesek ordea, itxura aparta omen dauka eta dioenez, ez du inongo interesik komunisten arteko iskanbilak ulertzeko.
Behin ezkontzeko hitzemanda, bikotea Ameriketara doa. New York eta Mexiko DF artean idilio aparta biziko omen dute.  Mexikoko hiriburuan, Sylviak Leiv Davidovich Trotskyri sarri egiten dio bisita. Emakume ospetsua da Estatu Batuetako troskisten artean eta beti dago prest atzerriratuari laguntza eskaintzeko.
Bizitza ez da erraza errusiarrarentzat. Moskutik Joseph Stalinek bere etsairik handiena izendatu du eta heriotza-mehatxuak (eta saioak) nonahitik heltzen zaizkio.
Zehaztu gabeko negozioak aparte, Jacquesek prentsa artikuluak ere idazten ditu. Bere emaztegaiaren bitartez Trotskik berak izkribuak gainbegiratzea lortzen du pare bat aldiz.
Oso istorio ohikoa. Baliteke arrunta izatea ere. Baina ezkutuan, ikaratzeko moduko errealitate bat dauka: Jacques ez da belgikarra, katalana baizik, eta bere egiazko izena Ramon Mercader da. Bere idilioa antzerki hutsa da. Sobietar zerbitzu sekretuek antolatutako iruzurra da, helburu bakar batekin: Trotskiren konfiantza irabaztea eta une egokian hari bizia kentzea.
Sobietar inteligentziak, Espainiako guda garaian bereganatu zuen Ramon. Bere profila ezin egokiagoa zen: arrakalarik gabeko komunista, loria lortzeko ametsak zeuzkana, Moskutik heldutako aginduak obeditzeko prest.
1940ko abuztuaren 20an, zorigaiztoko misioa burutu zen. Ramon Mercader, jagole  guztiak agurtu ostean, etxean sartu zen, idatziak poltsikoan zeramatzala. Besoan tolesturik, gabardina bat zeukan eta horren barruan, bere arma: errusiar iraultzailearen buruan iltzatuko zuen pioleta. Garaiko prentsan argitaratu zenez, Trotskik artikuluan zuzenketak egiten zituela jaso zuen kolpea, zerbait esateko bere burua itzuli zuenean hain zuzen. Ramonek ez zuen sekula bere burutik aldenduko Trotskik botatako garrasi ozena.
Hurrengo egunean -gaur 76 urte betetzen dira- “Iraultza jarraitua”ren idazlea zendu zen, Mexikoko ospitale batean. Ramon Mercader atxilotua izan zen eta hogei urteko espetxe-zigorra bete zuen. Behin kartzelatik irtenda, Sobietar Batasunak bertan bizitzeko baimena eman zion. Bere azken urteak Kuban igaro zituen. Era horretan, egiazko sozialismoa nolakoa zen bizitzeko aukera izango zuen. Gizarte-eredu horien aldeko bilakatu omen zen hiltzailea.
Estalinismoaren garaian, hogei milioi gizakume hil egin zituzten. Iraultzaile askoren ametsa, gaur egun inork aldarrikatzen ez duen amesgaizto bihurtu zen. Nolanahi ere, ezberdintasunaren kontrako borrokak bizirik dirau. Izango al da gizateria iraganaren akatsak gainditzeko gai?


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina