Abuztua zen Bilboko hirian eta artean ez ginen Aste
Nagusian. Alegia, kale gehienak hutsik edo erdi hutsik agertzen ziren ostegun
arratsalde goibel hartan. Denbora-pasa nengoen, alabarekin nuen hitzordua heldu
arte. Power Recordsen biniloen artean luzaroan galdu ostean, noraezean ibili nintzen
kalez kale, zapatilaz beteriko erakusleiho batek, aspaldian pare berri baten
beharrean nengoela gogorarazi zidanean.
Halako aukeraketak ez zaizkit batere errazak egiten. “Beltzak
politak dira... baina beltzak dira erosi ditudan azken bost pareak... eta urdin
horiek? Ez al dira kantosoegiak nire adineko norbaitentzat? Baina noiztik izaten ditut
halako txorakeriak kontuan?”
Azkenean, lokarririk gabeko zapatila urdin batzuen bila
sartu nintzen barrura eta di-da batean
mostradorean nengoen, zapata-kaxa besapean, erosketa ordaintzeko prest.
Salmahaiko tipoa nire nortasun-agiriko datuak irakurtzen normalean
baino pixka bat gehiago luzatu zen. Nire “eskerrik asko” entzutean, agian
euskarak eskaintzen duen konplizitateak lagundurik edo, honako hau bota zidan:
-Begitu, urte berekoak gara.
Ez zuen ematen datu anekdotiko bati buruz ari zenik,
guztiz kontrakoa, erabili zuen tonuaren arabera, bazirudien berri txar bat
ematen ari zitzaidala.
-Bai, ez gara atzokoak hain zuzen, ez – erantzun nion nik
irribarretsu, zeozer erantzuteagatik. Segituan bota zidana are eta
harrigarriago egin zitzaidan:
- Eta zelan sentitzen zara?
Sentitu? Une hartantxe lehendabizi ikusten nuen gizon bat
nire sentimenduengatik galdezka nuela. Baina zer motatako Bilboko dendaria zen
hura? Non geratu da “gure estiloa”, non betiko hitz gutxiko saltzaile zuhurrak?
Bere begietan sumatu nuen larritasunak ez zuen erantzun arin batentzako lekurik
uzten. Baina ez zen hori ez lekua, ez unea, ez egoera, azalpen sakonak
emateko...
-Ba tira, batzuetan ondo, beste batzuetan ez
horrenbeste... zer ba?
-Barkatu atrebentziagatik, baina denda honetan ez daukat
nire adinekoekin berba egiteko parada ugari, eta azken bolada honetan oso
gaizki sentitzen naiz. Hiru seme-alaba ditut, urte pila bat igaro dut umeak
hazten eta jada ez daukat ezta lagunik ere. Orain gozatzeko ordua heldu zaidala
suposatzen da..., baina... lur jota nago. Ez daukat ezertarako indarrik...
Ondoko saltzaileak, kamisetak tolesten zituen bitartean, ezkutuko
begiradak botatzen zizkigun. Ulertuko al zuen gure ezinezko elkarrizketa?
-Ziztu bizian pasatu zait bizitza -jarraitu zuen. Orain
emaztea eta seme txikia geratu gara etxean, baina... ez dugu asko hitz egiten.
Maite ditut baina batzuetan... arrotzak egiten zaizkit...
Ez, ez zuen ematen burutik jota zegoenik. Bere begietan,
bere begi-zuloetan, bere bekainetan, zerbait zegoen egiatan ari zela esaten
zidana. Areago, bere S.O.S horretan argi nabaritzen zen norbaitekin partekatzeko
grina. Momentuan izoztuta geratu nintzen. Ez nintzen behar zuen laguntza
emateko gai. Bazirudien horietako amets arraro baten barruan nengoela. Ni ere
konfidentziaren bat aitortzera behartuta sentitu nintzen, baina ahoa berriro
zabaltzear nengoela, nire ondoan kokatu zen neska bat aurreratu zitzaidan:
-Perdón ¿Tienen estas en rojo?
Eta hor amaitu zen gure harreman laburra. Agur
egiterakoan nolabaiteko barkamen eskaria marraztu zen bere aurpegian. Ez dut
berriro ikusi.
Orain zapatila horiek janzten ditudan bakoitzean halako
ondoez batek harrapatzen nau eta nire irudia ispiluan islatzean, ezin dut burutik
kendu saltzaile horren pena keinu sakon hori.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina