Lehendakaritzarako hautagaiak |
Sinistuko ez dituzuen gauzak Ikusi ditut nik. Tira, ez
dut eraso-ontzirik sutan ikusi Orion baino haratago baina bai, ordea, “Gora ETA
militarra” milaka eztarrik oihukatuta, guardia zibilak deseginiko mitin
erraldoi batean. Ikusi dut, baita ere, Xabier Arzalluz epaitegitik irtetean, guardasola
altxatuz “Eusko Gudaria” abesten, alderdikide eta kazetarien aurrean. Ikusi
ditut hautagaiak bizkartzainez inguraturik, eta hauteskunde kanpainak zeinetan
hautagai guztiak ginonezkoak ziren inongo harridura sorrarazi barik.
Zin egiten dizuet: ikusi dut Radio Euskadiko erredakzioa
atzerritik etorritako berriemailez beteta; horren interes handikoak ziren gure
hauteskundeak, orain dela ez horrenbeste urte.
Kaleko horma guztiak ere kartelez beterik ikusi ditut nik,
eta, gaueko iskanbilak eta benetako guduak pareta zati batengatik. Eta kartelen
edukia? Horiek bai leloak: “Emaiezu gogor”, “Euskadik Askatasuna”,
“Hordago”, “Euzkadik behar zaitu”, “Erakuts
hortzak zapaltzaileari”... Ikusi ditut prentsaurreko sutsuak eta itxuragatik
nabarmentzen ziren militanteak: panazko jaka sozialistak, kaiku eta txapela
jeltzaleak, traje eta gorbatadun popularrak, ezker abertzaleko eusko labeldun
kopeta-ileak eta jantzi polarrak. Ikusi ditut, baita ere, muturbeltzen arteko
eztabaidak, hitz gordinez eta mehatxuz beterik, eta, gorriak eta bi pasatzen
zituzten moderatzaileak, ordena mantendu ezinik. Eta bai, ikusi dut gehiegitan,
ETA kanpainan sartzen, mahai gainean erailak jarriz.
Hori guztia galdu omen da, euritan malkoak desagertzen
diren antzera.
Atzo bertan amaitu zen kanpainan ez da apenas benetako lehiarik
ikusi. Erredakzioan ez da kanpoko korrespontsalik agertu -ezta azkenekoetan Kataluniatik
etortzen zena ere- eta kaleko paretetan ez da ia-ia kartelik erantsi. Tematzeko
orduan euskara eta DBE (RGI) izan dira nagusi,
baina gai horien inguruan izan diren eztabaidek ez dute inoiz dezibelio
ozenik erabili. Orain dela gutxi arte ia protagonismo osoa zuen gaiak -ETA,
bortxakeria orokorrean- ez du aparteko tarterik
merezi, aspaldian amaitutako afera izango bailitzan. Subiranotasuna eta
erabakitzeko eskubidea eztabaidagai izan dira baita ere, baina guztion jarrerak
horren ezagunak izanik -eta Kataluniako prozesua horren korapilatsua bilakaturik-
ez zirudien gaian luzatzeko gogo handirik zegoenik.
Orain badirudi ditxosozko “euskal labirintoa” esportatu
egin dugula eta gure hautagaiak, nor zentzudunago izan norgehiagokan ari diren
bitartean, Ebrotik beherako egoera politikoak ezin du nahasiago agertu. Oraingo
honetan ikusi dut -eta hau bai sinestezina dela- Madrilgo solaskideak Ibarretxe
goraipatzen -atzera egiten jakin omen zuen eta- eta entzun dut, estatu mailako irrati batean, ezker
abertzaleko hautagai bat elkarrizketa lasaian.
Oasia? Ameskeria? Ez dakit. Ziur aski bizi garen garaiak
ez dira horren interesgarriak izango etorkizuneko zinema eta literatura
egiterakoan -zinemaldian ikusi dugunez, oraindik ere lehenagoko atalak erakargarriagoak
izaten dira- baina enplegua, osasuna eta erretiro-pentsioen tankerako arazoak
izan dira nagusi, eta hori, ezbairik ez, berri ontzat hartu behar da.
Sinistuko ez dituzuen gauzak ikusi ditut nik (zuetariko
askok ere bai, jakina). Eta egia esan, ez nituzke gehiagotan ikusi nahi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina