2016(e)ko urriaren 2(a), igandea

NOBLEZIAZ


Nazien Alemanian 1936.urtean egindako argazki ospetsua


Poltsikoan izan arren, batzuek ez zituzten black-txartelak erabili.
Taldeko txirrindulari gehienen artean ohikoa izan arren, batzuk nahiago zuten EPOa ez hartzea eta transfusiorik ez egitea. Sobietar Batasunak Txekoslovakia inbaditu zuenean -Ricardo Padurak idatzi zuenez- Moskuko hiritar banaka batzuk Kremlin aurrean kokatu ziren pankarta bat eskuetan, erabaki horren kontra protesta egiteko. Inork ez daki non amaitu zuten bihoztun haiek, baina erraz imajinatzekoa da, halako atrebentziak ez ziela inolako onik ekarriko.
Hazten garenean, gurasoak eta irakasleak, nobleziaren eta zintzotasunaren garrantzia irakasten saiatzen dira: “ondo portatu”, “esan eskerrik asko”, “lagunei eskaini”, “hori ez da hartzen, zurea ez da eta”, “gezurrik ez esan”...
Txikitako aholkuak, pixkanaka-pixkanaka beste batzuekin nahasten doaz: “Ez utzi besteek zu zapaltzen”, “Lapurtzen ez duena, ezin duelako da”, “Entxuferik gabe ez zara inora joango”, “Ondo zuritu beharko duzu, beragandik zer edo zer atera nahi baldin baduzu”, “Ez izan ergela”.
Ustelkeria, azpijokoak, trikimailuak... badirudi ezinbestekoak direla bizitzan zerbait lortzeko. Orain dela gutxi, Semanal XL aldizkarian oso ikerketa interesagarria argitaratu zen gai honen inguruan. Zenbait esperimentu ezberdin egin ondoren, txosten horrek gure ustelkeriarako joera frogatu nahi zuen. Lapurtxoak omen gara izatez. Tribuetan bizi ginenean elkarri lapurtzearena eguneroko zera izaten omen zen. Are bitxiago: tximinoek, inurriek eta erleek ere erakusten dituzte horrelako portaerak. Gure burmuinaren alde batean plazer nabaria suma daiteke, ez dagokigun dirua poltsikoratzean, eta jaso ditzakegun zigorrak dira, gehienbat, ustelkerian gehiago aritzea galarazten digutenak. Gizonezkoen eta emakumezkoen artean apenas dago alderik kasu honetan.
Zorionez, gure seneko nobleziaren aldeko zenbait emaitza ere badira, lan horretan: garun-azalean bada alde bat zintzoak izatera bultzatzen omen gaituena eta oro har, onartzen dugu, oinarrizko irizpide etikoak behar ditugula, gizartean elkarrekin bizitzeko.
_Alderdi Komunista?
_Bai esan?
_ Nire izena ezabatzeko deitzen dizut... loteria tokatu zait eta...
Txiste zahar honek (normalean arrakasta izaten du) gure izaera zekenaz  omen dihardu. Honen harira, gizakiok ezkerrekoak izaten gara txiroak garelako, eta ez, mundu hobeago baten alde lan egin nahi dugulako. “Eskumaren aldeko langilea baino memeloagorik ez dago” esaten da, baita ere.
Baina tira, marro eta iruzurren ereduak egunero gertatzen diren arren, egunerokotasunak beste mota bateko portaerak eskaintzen dizkigu baita ere, eta, horiek dira agian, etorkizunari aurrez aurre begiratzen uzten digutenak.
Badira bai, Gabonetako opari interesatuak onartzen ez dituztenak, txartel tentagarriak erabili gabe uzten dituztenak, eta tranpak eginez irabazi nahi ez dutenak. Badira, baita ere, diktadore baten aurrean besoa altxatzen ez dutenak, eta beren bizitza arriskuan jarriz injustiziak salatzen dituztenak. Bitxia bada ere, horiek ezezagunak izaten dira eta horiek dira, hain zuzen, ikasliburuetan agertzea mereziko luketenak. Horiek dira mundu hobe bat eraikitzeko konfiantza garatu dezaketenak.
Horiek dira ezinbestekoak.                                                   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina