Talka egin
ondoren, Titanicen zaintzaile bat kapitainarengana doa. Honek haserre ematen
duenez, gazteak ziztu bizian berria emateko era zeharka asmatzen du:
_ Kapitain, berri
bat ona eta beste bat txarra ditut...
_ Hasi onarekin,
umore txarrez nago- eta...
_ Hamaika oscar
emango digute!...
Egun hauetan Bilboko
Euskalduna jauregian dugu ikusgai Titanicen inguruko erakusketa interesgarria.
Berriro ere tragedia hau zein erakargarria den baieztatzeko aukera izaten ari
gara. Ezbairik ez, gazte askorentzat 1997. urtean horrenbeste sari jaso zituen
pelikularen eragina ezinbestekoa da esposizio honen arrakasta ulertzeko. Baina
hori ez da, inondik ere, naufragio honek sorrarazten duen morboaren zergati
bakarra.
Inguruabar pilo bat bildu
ziren 1912ko apirilaren 14an gertatutako urperatze hartan, zerbait epiko eta
ahaztezina bilakatzeko. Erakusketan ikus daitezkeen ume askoren harridura aurpegiak
begiratu besterik ez dago honetaz jabetzeko. Izan ere, jende askorentzat
Titanic-ena historian zehar gertatu den hondorapenik larriena da, baina ez da
hala.
Hogeita hamahiru urte geroago,
1945.urtean, Itsaso Baltikoan, Wilhelm
Gustloff izeneko
bidaiari itsasontzia hondoratu zuten. Titanicen baino bost aldiz gehiago izan ziren
hildakoak urperaketan. Ordea Guinness errekor triste hau historiaren orrialde
ezkutuetan geratu omen da betiko.
Bigarren mundu gerraren
azkenengo egunak ziren haiek. Naziak atzera egiten ari ziren. Sobietar Batasunaren armada inguratzen
ari ziren eta Gotenhafen-eko kaia eroriko zenaren beldur ziren. Ahalik eta
jende gehien -soldaduak eta errefuxiatuak gehienbat- sartu zituzten ontzira Danimarkara iristeko
asmoz. Arrisku bizian zeuden, sobietarrek une oro miatzen baitzituzten
ur haiek. Urtarrilaren 30ean itsasoratu zen. 10.500 pasaiari baino
gehiago ziren guztira, haietariko asko haurrak. Barruan denontzako lekurik ez
zegoenez, askok agerian egin behar izan zuten bidaia. Barkua nekez mugitzen
zen. Gaueko hamaikak aldera, S-13 itsaspeko sobietar batek hiru torpedo bota
zituen. Berrogeita hamalau minutuan, armada gorrikoek itsasontzia hondoratu zuten. Alemaniar
gerraontziek lortu zuten 960 pertsona erreskatatzea, haietako asko berehala
hotzak hil baziren ere. 9343 pertsona hil ziren guztira.
Ikusten denez, urperaketen
artean ere aldeak daude. Laster hirurogeita bederatzigarren urteurrena beteko
duen Wilhelm Gustloffen hondamena ez zen “Belle Epoquen” gertatu. Barruan ez
zegoen aberatsik, ezta luxuzko gelarik ere. Itsasoak irensten zuen bitartean
inork ez zuen meza kanturik abesten. Eragilea ez zen ezusteko iceberg bat,
sobietar gerra-itsaspeko bat baizik. Günter Grass idazle ospetsuak eleberri bat
eskaini zion arren, kultura munduan utzitako aztarna askoz txikiagoa izan da.
Ez dago inongo “glamourrik” horrelako basakeria batean, Estatu Batuek botatako
bonba atomikoarekin gertatzen den legez, Hollywooden inork ez du interesgarri
ikusten. Hor ez zen ez heroirik ez epikarik, hor sumatzen den bakarra
gizadiaren alderik beltzena da. “Seiehun hildako gurutzaontzi bat hondoratu
ostean” agertu zen nire Facebooken berriki. Berrian klikatzean, mezu hau
agertzen zen: “Ez da gurutzaontzi bat izan, patera bat baizik. Baina klikatuko
al zenukeen hau jakinez gero?”. Ba hori.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina