Antzinako egunkariak bisitatzea oso ariketa irakasgarria
izaten da. Sare sozialetan badaude
batzuk orain dela zenbait hamarkadatako tituluak sarritan oparitzen dizkigutenak.
Bilboko “Hoja del Lunes” izandakoan 1975eko irailean honako harribitxia irakur
zitekeen: “Vizcaya no consume drogas” eta pixka bat beherago “que carezcan de
fines curativos”. Erreportajeak periodikoaren lehenengo orrialde osoa betetzen
zuen eta besteak beste honelako baieztapenak agertzen ziren: “En Bilbao hay dos o
tres morfinómanos, pero están controlados”, “Vizcaya consume casi cuatrocientos
mil tubos de barbitúricos al año”... Artikuluan ez da
inondik agertzen garai hartan droga guztietan nagusi zena, alkohola. Izan ere,
barruko orrialdeetan zenbait edari biziren iragarkiak agertzen ziren eta
kiroletako atalean “Karpi” izeneko txirrindulari taldearen balentrien berri
ematen zen (Karpi Amurrion sortutako laranja-likore ospetsu baten izena da).
1972. urteko beste titulu harrigarri batean “sasi-drogen”
berri ematen ziguten: “Dos estudiantes de náutica drogados en plena calle de
Santurce” eta azpititulu modura: “utilizaron la pseudodroga”.
Gero berriaren testuan sartzean jakingo dugu “erabilera arrunteko substantzia
bat” erabili zutela, “merkatuetan kamamila antzera saltzen dena eta izena
emango ez duguna ulerterraza den arrazoiengatik”, “Zoritxarrez” -gehitzen du
kazetariak- “kasu hau, gure gazteen artean egunero gertatzen ari direnetako bat
gehiago besterik ez da” eta bukatzeko “salatu behar dugu gaurkotasun biziko
arazo bat, guztion ardura izan behar duena, batez ere gurasoen artean”.
Gaur egun horrelakoak irakurtzean ezin saihestu samindura
pixka bat sentitzea. Urte batzuen bueltan irakur zitezkeen berriek ez zuten inolako
lañotasunik agertzen. Lapurretak, arazo psikiatrikoak, HIESA eta gainerako
gaixotasunak, heroina gaindosiak edo
droga manipulazioagatik hildakoak eguneroko ogi bihurtuko ziren, madarikazio bat izango balitz bezala. Zaldia
“gure gazteen joera iraultzaileak leuntzeko” erabiltzea, nolabaiteko mantra bihurtu
zen zenbait girotan, ETAk, argudio horrekin, balizko trafikanteak hiltzeraino.
Drogaren erabiltze politikoarena ez da bakarrik gurean
entzun. Izan ere, heroinaren hildakoak ez ziren hemen bakarrik gertatu eta
zifren arabera aldeak ez dira nabarmenak. Estatistikako Institutu Nazionaleko datuen
arabera, laurogeita hamargarreneko hamarkadan hildakoen kopururik handiena
ezagutu zen, milatik gora hildako urtero; ehuneko hirurogeita hamabosta Madril
eta Bartzelonako probintzietan. Urte batzuetan beheranzko joera eman zen eta
2010. urtean 434raino jaitsi zen, baina
2011. urtean berriro gorakada bat izan zen eta 2013an baziren 626 hildako .
Estatuaren egituraren batetik antolatu al zen hau? Juan Carlos
Usó historialariak kontrako teoria defendatzen du “¿Nos Matan Con Heroina?”
liburuan. Orain dela gutxi, sarean berarekin eztabaida sutsuak izan dituen
Justo Arriola ikerlari elgoibartarrak aldeko teoriak sustatuko dituen seinaleak
eman nahi ditu bere “A los Pies del Caballo” izeneko lanean. Nolanahi ere, nik
ez dut uste zergatirik erabakigarriena izango litzatekeenik. Aldez aurretik
bazegoen mota guztietako esperientzia berriak probatzeko grina. Bestalde, hildakoen
gorakada biak krisi garaian gertatu izana ez dut uste kasualitate hutsa denik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina