Orfeon Logroñes izeneko abesbatza |
Abesbatza batek zenbait pop-rockeko klasiko moldatzea, sarritan ikusten den zerbait bihurtu da. Orain dela hamar urte, diputatuen kongresuak hogei urte betetzen zituela eta, Donostiako Orfeoiak ezohiko errepertorioa eskaini zuen bertan. Euskal klasikoen artean trantsizio garaiko iragarkiak eta abesti salduenak sartu zituzten. 1969. urtean Rolling Stones taldeak “You Can’t Always Get What you Want” kantu ederra grabatu zuen. Hasieran “Gospell” estiloko koru bat sartzeko asmoa bazuten ere, azkenean “London Bach Choir” elkartearen laguntzaz egin zuten, rock esparruan ordura arte inork egin ez zuena eginez.
Moldaketa lanetan trebezia duen norbaitek zuzenduz gero, horrelako nahasketek nahiko emaitza borobilak lortzen dituzte. Azken bolada honetan ez da batere arraroa Abba, Beatles edo Queen taldeen klasikoak bertoko edozein koruren emanaldietan entzutea.
Baina egia esan, “Orfeón Logroñés”en kasua aparta da benetan. Urtero Errioxako hiriburuan ospatzen den ACTUAL jaialdi ospetsuaren zuzendaritzak zeozer ezberdina egin nahi zuen aurkezpenerako. Haiek bazekiten abesbatzaren zuzendariak, Diego Martinezek, oso moldaketa bikainak egin zituela pop-rockeko zenbait mitorekin eta erronka egin zioten: Kortatu, Eskorbuto, Barricada eta antzeko taldeen abestiekin gauza bera egitea. Emaitzak ezin du erakargarriago izan. Youtuben argitaratutako bideoak 40.000 bisita gainditu ditu. Gazte mordo bat hurbildu da haiengana eta fenomeno honi buruzko erreportajeak ugaritu dira nonahi.
“Mierda de Ciudad”, “Mucha Policía, Poca Diversión” eta “Blanco y Negro” tankerako abestiek oso itxura izugarria hartzen dute orfeoi baten ahotsetan. Baina... halako mezuak abesteko orduan, ez al da arazorik sortu koruko kide helduenen artean?
Olivia Berdonces-ek, elkarteko presidenteak, ezetz esan zigun: “Orfeoia hamasei urteko mutilekin batera hirurogeita hamar eta gehiago boluntariorekin osatzen da. Enkargua egin zigutenean argi eta garbi utzi genuen kide bakoitza libre zela ez egitearren, baina batek ere ez zuen huts egin. Denak, zereginean, erne eta tinko jardun dira, arazorik gabe”.
Hala eta guztiz ere, arduradunek ez diote garrantzi berezirik eman nahi gertatukoari eta anekdota dibertigarritzat hartu nahi dute hau, besterik gabe.
Baina istorio honek beste atal bitxi bat ezagutu du berriki. Logroñoko Zenobia “Power-Metal” taldeak laguntza eskatu zien euren azken grabazioan parte hartzeko. “Militia est Vita” kantuan orfeoiaren ahotsak bikain moldatzen dira giro apokaliptiko bat sortzeko asmoz.
“Hiri honetan denok ezagutzen dugu elkar. Zenobia taldekoak aspaldian zebiltzan gure atzetik, elkarrekin zerbait egiteko. Guretzat oso erraza izan zen. Haiek partiturak pasatu zizkiguten eta gure kabuz grabatu genituen. Egia esan, dena elkarturik entzun genuenean harritu egin ginen, emaitza sinestezina baita, benetan”.
Eta orain zer? Ekitaldi guztietan joko al dituzte horrelako bitxikeriak?
Oliviak erabateko erantzuna eman zidan: “Hauek ez dira nonahi jotzeko abestiak. Eliza batean adibidez ez ditugu jotzen, baina beste mota bateko egoitzetan bai... gainera kontratuak gehitu dira eta antolatzaileek jo egingo ditugula ziurtatu nahi dute”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina