2017(e)ko otsailaren 23(a), osteguna

BARULLO NO AREA


Liburuaren Azala


Jakina denez, ironia arriskutsua izan daiteke. Sortzaileen munduan bera erabiltzeko ohitura daukatenak lar ondo dakite zenbaterainoko egia den hori. Irratigintzan lan egiten dugunok askotan entzun behar dugu esaera tematia: «Ironiak ez du irratian funtzionatzen»... Esperientziak beste hainbat zereginetan ere nekez ulertzen dela diosku.
Ordiziako 'Ciclos Iturgaiz' taldeak ironia, sarkasmoa eta umore garratza zituen oinarri. Honelako kasuetan gertatzen den legez, zure aldekoak fan sutsuak izan arren, zure kontrakoek ez dizute erraz barkatuko zure ausardia.
'Ciclos Iturgaiz' bikotearen abestien izenburuak irakurri besterik ez duzu, zertaz ari naizen jakiteko: 'Nicaragua Somocista', 'No a la Legalización', 'Lemoniz Funciona' , 'Arzak y Compañia'...
Haien inguruko lehenengo berria e-mail baten bidez izan nuen. Trapagaraneko musika elektroniko talde bat zirela baieztatzen zuten eta argazkian aurpegiak mozorroturik bazituzten ere, neska eta mutila zirela zioten.
Bi bider ikusi nituen zuzenean jotzen. Lehenengoa Gernikako gaztetxean. Hor jabetu nintzen biak gizonezkoak zirela eta ez zirela Trapagaranekoak, Ordiziakoak baizik. Emandako informazioa ere adarjotze hutsa zen. Bada, ekitaldi hartan bildu ginenok bagenekien zer motatako eskaintza eroa zen eurena eta ondo pasatu genuen euren lelo ganorabakoak elkarrekin abesten.
Bigarrenean aldiz, jendartean denetarik zegoen. Pinpilinpauxa konpartsaren txosnan aritu ziren, Bilboko aste nagusiko festa giroan. Jarraitzaileekin batera beste hainbat entzule zeuden, bikotearen berri ez zutenak. Horietako batzuei ez omen zitzaien batere gustatu taldearen proposamena, inongo zuzentasun politikotik at. Batzuk kantuka eta txaloka genbiltzan bitartean, beste batzuk txistuka eta botilak botaz zebiltzan. Bi lan interneten atera ostean iaz erretiratzea erabaki zuten, «bageneuzkan abestiak beste disko bat osatzeko, baina jadanik ez genuen hasierako grinarik. Jendeak gure rolloa ezagutzen zuen eta horrela ez da probokaziorako tarterik geratzen...»
Joan den astean Ricardo Gomez-ek, taldeko kideak, Bilboko Anti liburu-dendan 'Gooolpe de Vista' eleberria aurkeztu zuen. Aukera aprobetxatuz, bikotea berriro elkartu zen «akustiko» pare bat eskaintzeko eta berriro ere bertokoen artean egonezinen bat sortzeko, haien hitz adar-joleak zirela eta: 'Las Gemelas Olsen/ Y Hanna Montana/ Viva el Rollo Txungo/ Con zorras americanas'...
'Gooolpe deVista' nobelak eskaintzen duen tesia, ildo beretik datorkigu. Protagonistak bere amorantearen etxean paper zahar bat aurkitzen du txiripaz. Ikerketak egin ondoren aurkikuntza itzela egingo du: Laurogeiko hamarkadan, Realak irabazitako ligak akordio politiko-militar baten barruan kokatzen ziren. Ezkutuko bilera batzuetan Espainiako selekzioa ere talde honen jokalariz betetzea erabaki zen eta hau guztia, jakina, helburu bakar batekin: euskal gazteen ilusio eta gogoak politikatik ateratzea eta futbolean finkatzea.
Ricardo Gomez, Vigon jaio zen 1970. urtean. Etorkina eta langilea Euskal Herrian -bere hitzekin esanda- «popero eta zeltiar»- tzat hartzen du bere burua. Liburuaren azala ere berak egindakoa da. Bi arratsalde besterik ez nituen behar izan eleberri osoa irensteko eta berriro ere tipo honen burutazioekin haluzinatzeko. Burutik pasatzea ere!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina