2017(e)ko martxoaren 28(a), asteartea

ENE TOKATA ETA BIOK

Gaur izango balitz bezala gogoratzen dut unea: anaia zaharrenaren aspaldiko eskaera zen eta azkenean, eskolan nota apartak eskuratuta, ama maleta tipoko disko-jogailuarekin agertu zen etxean. Zortzi urte besterik ez nuen izango, baina bizi-bizirik ditut une haiek gogoan. Aparailu berriarekin batera, dendariak aholkatutako singleak zetozen: Nada izeneko abeslari italiarraren 'Hace Frio Ya'/ 'La Golondrina', Elvis Presleyren 'Spinout' izeneko abestia (oso ona, nahiz orduz geroztik inoiz ez dudan etxetik kanpo entzun) eta V Dimension beltzen talde batena, 'Hair' musikalaren kanta nagusiak egiten.
Thomas Mannen 'Mendi Magikoa'-ren atal batean, Hans Castorp protagonistak gramofonoaren aurkikuntza epifania izango bailitzan deskribatzen du. Guztiz identifikaturik sentitu nintzen atal horrekin. Hiru disko horietako noten laguntzaz, irudimenaz egiten nuen hegan, gurasoen pazientzia behin eta berriz helmugaraino eramanez.
Diskoen bilduma handituz joan zen, gehienetan singlearen itxuraz. Shoking Blue, Chicago, Creedence Clearwater Revival, Simon & Garfunkel, Led Zeppelin...

Hurrengo hilabeteetan ohikoak bihurtu ziren anaiaren lagunarteko entzunaldiak. Bakoitzak bere azken harribitxia gehituz. Abestiak aditzen zituzten bitartean iritziak eta batzuetan eztabaidak zetozen. Ni gonbidatzen ez ninduten arren, beti nengoen hor nonbait, ezkutuan, diskoen azalak zehatz-mehatz miatzen. Musika motak eta artistak, askotan, bandera bihurtzen ziren, norberaren nortasunaren ispilu. Norbait Beatles «bigunak» zirela esatera ausartzen bazen, beste batek Rolling Stones-ekoak «marikoiak» zirela esango zuen, eta bitartean, tokatan, hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadako musika aparta bueltaka zebilen etengabe.
Egunen batean lagunartekoak musika entzuteaz nekatu ziren eta Pedro anaiaren disko-jogailua eta plastikozko harribitxiak lotan geratu ziren luzaroan.
Urteak pasa ziren eta umemoko honen ahotsa aldatu zen, haren aurpegian zaldarrak loratzen ziren neurrian. Gaztaroaren tristurak ate joka ziren etengabean.
Egun batean, ia ia oharkabean, ganbararen bazter batean deskubritu nuen. Ahaztutako disko-jogailua. Binilo eder horiek berriro orrazpean jartzerakoan, munduan zeuden gainerako gauza guztiak bat-batean desagertu ziren. 'Bettor-Dual' markako maletatxo magiko hori lagunik kuttunena bihurtuko zen hurrengo urteetan zehar.
Iraganari begira, gustuko dudan nire irudi bat aukeratzekotan, horixe bera da: bazkalosteko musika entzunaldi bakartiak, kaleko jendea eta trafikoa begiesten nuen artean.
Denbora pasa ahala, klasean ni bezalako beste hainbat zonbi zeudela deskubrituko nuen eta anaiaren koadrilan gertatzen zen legez, gure artean ere hasi ziren banderak sortzen: Beatlemaniakoak, Rollinzaleak, sinfonikoak, folkyak, teknoak... gure baitan bagenekien estilo guztietan disfrutatzerik bazegoela, baina gaztaroa ez omen zen moderaziorako asmatua.
Etorriko ziren gero, askoz musika-kate hobeak, HI-FI, sistema estereofonikoa, kuadrafonikoa, compact-disc, laser-disc eta nahi beste tresneria, baina nire zalantzetako itsasoan zerbait argi badago, hauxe da: maletazko tokata horrekin baino, ez dut sekula musikarekin gehiago disfrutatuko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina