Hitzaldia Bartzelonan. Hango
Unibertsitate Autonomotik deitu zidaten: “Bai, Roberto, Spannabis izeneko
azokan izango litzateke. Ikusiko duzunez oso jendetsua da, baina mintzaldietan,
hain zuzen ere, ez dugu lortu erakargarriak izatea. Aurten profil ezberdineko
hizlariak ekartzea pentsatu dugu...”. “Profil ezberdineko” izenen zerrendan,
ezaguna egiten zait hau: Amarna Miller, Podemoseko “porno-star”, iragarki bati
esker oso ospetsu bihurtu zena, iazko Erotismo Azokan.
Ostegun arratsaldean da hitzaldia
eta ostegun goizerako hirian nago. Emakumezko taxilari batek hoteleraino eramaten
nau biharko egunik egongo ez bailitzan (edo hobeto esanda, biharko egunik
izatea gutxi inporta balitzaio bezala) . “Hotel dulce hotel”. Noizean behin,
globalizazioaren seme sentitzea ez dago gaizki. Dutxa ederra hartzen dut , telebistan
BBC kanalaren berriak entzuten ditudan bitartean.
Gainerako beste zenbait
hizlarirekin geratua nago bazkaltzeko, azokatik gertu dagoen jantoki batean. Egoitza
Cornellá auzoan dago, nire buruko unibertsoan “La Banda Trapera del Rio”,
“Estopa” eta Jordi Evole-ren jaioterria. Baina Traperoen “Ciutat Podridak” ez
du inondik ere horren ustela ematen. Egundoko bulego eraikinez josita dago
zonaldea. Geroago, “bloke berdeak” auzoaren bestaldean daudela azalduko didate.
Jantokiko mahaian nirekin bilduta
daudenak unibertsitateko irakasleak dira, baina kanpotik ikusita, beteranoen rock
talde bat ematen dute. Bost minuturen buruan, badirudi aspaldiko lagunak
garela.
Azokan sartzean andrazko
hizlariekin biltzen gara. Aurkezpenak, musuak... Ehunka postutan biltzen den
jendetza artean, ozta-ozta jotzen dugu aurrera. Edariak, aldizkariak,
espartinak, pipak... kalamuarekin zerikusirik duen guztia erakusketa erraldoi
batean. Hori bai, stand bakoitzean neska katxarro bat aurre aldean,
bertoko zorabioa areagotuz.
Azkenean entzungelara
heltzen gara. Seigarren hizlaria naiz. Marta Trigo, Virginia Montañés eta Amarna Miller “Sexua eta Kalamua” izenburuko
tartean daude. Gero gure txanda dator: “Kalamua, Musika eta Kontrakultura”; Antoniu Llort Suárez eta David Pere Martínez Oró
hizlariekin batera mahaian.
Hasieratik
susmoa dut emakumezkoen gaia askoz erakargarriago izango dela. Sexu tantrikoa,
kalamuaren erabilera sexurako... Amarna “aktore porno baino askoz gehiago”
bezala aurkeztua da, baina inork ez digu zehazten “askoz gehiago” hori zer den.
Bere berbaldiari esker, Kalifornia eta Espainia artean bizi dela jakingo dugu,
“porno egiteko drogak ez ditugula erabiliko” sinatu behar dutela eta Kalifornia
“gure herrialdea baino askoz sutsuago
dela kalamuaren legalizazioaren aldeko borrokan, Espainia marka zuri bat
besterik ez dela”.
Gizonezkoen
txanda hasi baino lehenago atsedenalditxo bat. Publikoaren erdia ez da
itzuliko. Gurean musika da nagusi. Gure gaiak, antza, ez du aurrekoarekin konparatzerik
arreta erakartzeko orduan. Berrogei bat lagun geratzen dira hor, gure txapa
entzuteko prest.
Nire
hitzaldian, drogen gaiak, trantsizio garaitik hona nolako tratamendua izan duen
aztertu nahi dut. Bertoko teknikarien laguntzaz aukeratutako abestiak banan-banan
entzuten dira: Los Polares, Los Calis, Eskorbuto, Parabellun...
Bukaeran
galdera pare bat eta txaloak. Antolatzaile apartak kataluniar hauek. Atseginak
harremanetan, serioak tratuetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina