2017(e)ko martxoaren 16(a), osteguna

SUPERKALI FRAGILISTIKO




Pamela Traversen “Mary Poppins” ipuina, Walt Disneyren gogokoena zen txikitan.
Gauero ezinbestekoa zuen loak hartzeko orduan.
Handitan, umeentzako pelikulen industriarik erraldoiena eraiki zuenean, haurtzain magikoaren istorioa zinera eramatea obsesio huts bihurtu zen harentzat.
Baina hasiera batean erraza zirudiena (zeinek esaten dio ezetz sosa pilo bati?) bere biziko erronkarik gogorrena bihurtuko zen.
Hogei urte behar izan zuen Mickey Mouseren egileak idazlea konbentzitzeko. Pamelari ez zitzaion batere gustatzen iparramerikarraren estiloa, eta argi zuen, gauza guztien gainetik, ez zituela bere pertsonaiarik kuttunena marrazki bizidunetan ikusi nahi.
Baina Waltek ez zuen erraz amore ematen. Londresen bizi zen idazlearen iritzia aldatu nahian, bere inperioa bisitatzera gonbidatu zuen. Los Angelesen, elkarrizketa luzeak zirela medio, Dysneyk benetako aktoreen pelikula bat egitea onartu zuen eta ontzat hartu zuen baita ere Pamela berak prozesu osoa gainbegiratzea. Traversek behartuta, ezinbesteko klausula bat sinatu zuten: idazlearen gustukoa ez bazen, pelikula sekula ez zen inongo zinematan proiektatuko.  
Egun horiek bizi izan zituztenen arabera, Traversen jarrera ezin itxiago eta gogorragoa izan zen. Ez zuen gustuko musikala izatea, Dick Van Dyke aktorearen aukeraketaren kontra agertu zen hasieratik, eta marrazkien erabilerari -nahiz eszena gutxietan izan- ezetzik bortitzena eman zion.
John Lee Hankock-en 2013ko “Saving Mr.Banks” filmean egun horietan gertatu ziren gora-behera guztiak islaturik daude.  Emma Thompsom  ezin hobeto aritu zen protagonistaren paperean, “victoriar” portaerak erakutsiz. Egunez egun talde osoaren lana hankaz gora jartzen zuen idazleak, eta azkenean, guztion etsipenerako, Londresera itzuli zen emisio eskubideak sinatu barik.
Walt Dysney bera bidaiatu zen Londresera azken ahalegina egitearren. Ordurako, eta beti pelikularen bertsioan, marrazkien magnateak informazio gehiago zeukan: Pamela Travers-ek oso haurtzaro gogorra bizi izan omen zuen Australian -bere jaioterrian- eta bere aita banketxe batean zeukan lanetik bota zuten, alkoholarekin izandako arazoak zirela medio, MaryPoppins ipuinean Mr Banks izeneko familiako aitari gertatzen zaion legez. “Zuk eta biok fantasia bitartez errealitatea birmoldatu nahi izan dugu. Utz iezadazu niri ere halakorik egiten, Travers andereñoa...” eskatu omen zion Dysneylandiaren sortzaileak...
Nola edo hala, 1964. urtean “Mary Poppins” film luzea, lehen aldiz eman zen Los Angelesko premier batean eta ordutik hona, Julie Andrewsek antzeztutako pertsonaiak bizirik jarraitu du belaunaldiz belaunaldi umeen bihotzetan.
Oso txikia izanik, amak Santurtziko “Consa” zinemaren inauguraziora eraman ninduen pelikula ikustera eta oso bizirik daukat oraindik nire baitan jasotako talka: parkeko marrazkiekin egindako kanta eta dantzak (psikodeliari buruzko nire lehenengo ikasgaia) , kedar-garbitzaileen mundu magikoa, airean zintzilik tea hartzen zuen lodikotea...
Aitatasunaren ondorioz dozenaka haurrentzako zinta ikusi beharra izan dut, eta nire uste makalean, oraindik ere Maryk ez du konparatzerik. Nire harridurarako, gaur egungo txikien gustukoa izaten da baita ere. Hogei urteko ahaleginak merezi izan omen zuen.
Superkalifragilistikoespialidosoooo...   









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina