2017(e)ko apirilaren 11(a), asteartea

KOLORETAKO BETAURREKOAK

Nire inguruan dabiltzan feminista ugarik animaturik, betaurreko moreak jantzi nituen. Ezaguna izan arren, amesgaiztoa ezin gogorragoa egin zitzaidan: ablazioa, feminizidioak, gutxiago kobratzea lan berdina egiteagatik, trafikoa, gauza bihurtzea, emakumearen gorputza publizitatean erabiltzea, matxismoaren ondorioak, ... hori dena elkarrekin ikustea tamalgarria zen gero, gizonezkoa izatearen lotsa sentitzeko modukoa.
Gero antiojo gorriak ipini nituen eta susmatu nuenez, panorama ez zen batere hobetuko: munduko aberastasunaren erdia biztanleen ehuneko bataren esku dago eta joera, urtez urte, desoreka honen handitzea da. Karl Marx bera agertu zitzaidan bere jakineko teoriak errepikatuz: “aspaldian idatzi nuen eta gertaerak nirekin bat datoz, kapitalaren joera monopolioa da, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Munduko langileen batasuna ezinbestekoa da kapitalaren diktadura gainditzeko, kapitala nazioarte mailan gero eta indartsuago bilakatzen baita. Kapitalismoak ez du mugarik, sozialismoaren aldeko borroka irtenbide bakarra da munduko langileontzat...”
Nire esku zeuden modelo guztiak  probatzeari ekin nion. Ortzadar-koloretako betaurrekoak ziren hurrengoak. Uff, azken urteotan zenbait estatutan egoera hobetu den arren, hor agertu ziren marjinazioak, jazarpenak, burlak, Iranen eta beste hainbat herrialdetan ohikoak diren urkatzeak, ekintza transfobikoak...
Jarraian betaurreko berdeak saiatu nituen. Ikaragarria. Gure planeta zaharra pikutara doa etengabe eta ezer gutxi egiten dugu ekiditeko. Gobernurik boteretsuenek uko egiten diote berotze globalari, arazoa eurena izango ez bailitzan, eta bitartean 150 espezie desagertzen ari dira egunero gizakiaren erruagatik. Ez ote gara gu munduaren benetako minbizia?
Mezu ezberdineko kolore baten bila, betaurreko urdinak janztea erabaki nuen. Eskuinaren bertsioa edo. Bat batean, publierreportaje ederra agertu zitzaidan sudurraren aurrean. Merkatu librea guztiaren irtenbidea omen zen. Beste edozein alternatiba -frogatu denez- porrot egitera kondenaturik zegoen. Gobernuen zereginak ez du izan behar merkataritzari askatasuna erraztea besterik. “Ez gaitezen engaina, denok aberatsak izan nahi dugu, eta hori kapitalismoan bakarrik lor daiteke, horixe baita gizakion naturarekin bat egiten duen sistema bakarra” esaten zuen irribarretsu esatari ponpoxoak... Kaka zaharra, urdinak baino, horiek arrosak ziren.
Etsipenaren atzaparretan jausi baino lehenago, nire betiko betaurreko beltzak berreskuratu nituen. “Rock- betaurrekoak”, Burning taldekoek deitzen zituzten eran: “Chupa de cuero/ Gafas de Rock/ ¡Uah!, me siento mejor”. Eta bai. Egia esan, ez zen oso garbi ikusten, baina itzalen artean sumatzen zena, ez zen behintzat horren apalgarria izan. Gibson baten nota bortitzek dantza egitera gonbidatu ninduten eta nire artikulazio guztiak askatzen nituen heinean, gainerako betaurrekoekin ikusitakoa ahaztea lortu nuen behintzat.  Bai, banekien munduko zarama guztiak hor jarraituko zuela, baina une zoriontsu horietan, Pedro Juan Gutierrez, kubatar idazlearen hitzak behin eta berriz errepikatzen ziren nire baitan: “Bizitza komedia hutsa da eta errepikatu behar da egia bihurtu arte. Bizitza komedia hutsa da. Bizitza komedia hutsa da...”      




  


2 iruzkin:

  1. Kolorezko betaurrekoak mundua beste ikuspuntutik ikusteko. Gehienetan, gaizkiago. Solasaldi ederra ipini duzuna. Betaurrekoena, adinako gauza izango da,baina hasi naiz arazoekin gauzak gertutik irakurtzeko. Betaurrekoak presbiziagatik ere. Jajaja.

    ErantzunEzabatu
  2. Ba beitu, neri kontrakoa gertatu zait. Ez dut hurrundik ondo ikusten eta, gidatzeko edo zinemarako betaurrekoak erabiltzen hasi naiz. Eskerrik Asko Juli!

    ErantzunEzabatu