2017(e)ko apirilaren 21(a), ostirala

KUTXA AZKARRA DENEAN




Batzuetan harrotasunarekin mintza daiteke kazetaritzaz. Batzuetan lankide batzuen lana mirets daiteke eta eredutzat har daiteke. Batzuetan kazetari baten galderak  garrantzizkoak bihur daitezke errealitatea konprenitzeko eta agian aldarazteko. Batzuetan  telebista programa bat artelanaren mailara iristen da eta horrenbestetan “kutxa alua” izendatua izaten den horrek “kutxa azkarra” izena merezi du.
Gaur egun eskura daukagun eskaintzaren artean “Salvados” da , nire uste makalean, adibiderik sendoena.
Asko dira aipagarriak izan diren atalak. Ahaztezinak Jordi Pujol, Arnaldo Otegi edota Jaume Matasi egindako elkarrizketak. Jordi Evolek gonbidatuei informazioak ateratzeko duen gaitasuna, ez da, askotan ikusten direnetakoa. Ukaezina da kazetari honek erakusten duen lidergoa, baina garbi dago, baita ere, lantalde tinko bat atzetik duela.
Martxoaren hemeretzian aitatasunari buruzko saio bat prestatu zuten. Hiru elkarrizketa ezberdinekin osaturik zegoen. Lehenengoan Evolek borrero baten alabarekin hitz egin zuen, frankismo garaian izandako azkenetarikoa. Emakume hori bere aitaren zereginaz jabetu zen eskolan “hiltzailea zara, zure aita bezala!” oihukatu ziotenean. Harrezkero, bere bizitza osoa markatua geratu zen eta horrenbeste maite zuen aitaren lana ulertzea hartu zuen helburu.
Lehenengo gertaera hau erakargarria bazen ere, bigarrena ez zen atzean geratu. Hilzorian zegoenean Burgosko hiritar batek honako harribitxi hau aitortu zion semeari: “Jakin behar duzu zu ez zarela nire benetako semea, adoptatua baitzara”. Handik aurrera, eta egoera berdinean zegoen beste tipo batek lagundurik, ikerketa sakonean arituko zen bere benetako jatorria ezagutzeko. Emaitza ikaragarria suertatu zen: lapurtutako umeak ziren biak, eta, moja eta mediku batzuen azpikeria zela medio egin ziren adopzioak.
Bazirudien lehenengo bi erreportaje hauek gaindiezinak izango zirela, baina oraindik ere bazuten beste karta bat mahukapean: Juan Pablo Escobar, historian zehar izan den droga-trafikatzailerik handienaren semea. Tipoa nazkatua dago “Narcos” izeneko tele-saioan bere aitari buruz ematen den irudiaz, nolabait goraipatzen ari direlako. Bere bizitzaren egiazko kontakizunak ez du mitifikaziorako lekurik uzten.
Hasieratik bukaeraraino txapela kentzeko programa izan zen hori. Kazetaritza fakultateetan ikasteko modukoa. 
“La Sexta”-n emititzen den saio honetan, azken bi ataletan populismoaren gorakada aztertzen jardun dute. Honako gai hauek ukitzerakoan erabiltzen diren aurreiritzietatik urrun, programa honen egileen proposamena oso ausarta izan zen. Estatu Batuetan eta Frantzian aukeratutako iritziak ez ziren -beste horrenbeste lanetan ikusi dugun legez- edozein mitinetan erraz lor daitezkeen zaletu amorratuenenak. Donald Trumpen garaipena eta Marine Le Penen gorakada ulertu nahian, “Salvados” lantaldekoak boto emaile adimentsuaren bila joan ziren. Entzuten diren argudioak ez ziren bat batean alde edo kontrako jarreran jartzen zaituztenak, errealitatea hobeto ulertzen laguntzen dutenetakoak baizik.
Batzuetan bai, ni teleikusle azkartzat hartzea gustuko dut. Franco Battiatok ezin hobeto azaldu zuenez: “Ez dut nahi telebistan babalore-jendea ikusi ni azkarra sentiarazteko, jende azkarra ikusi nahi dut ni babalore sentitzeko”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina