2017(e)ko maiatzaren 25(a), osteguna

IDOLOAK AKABATZEKO GIDA

Nahi eta nahi ez, urteak pasa ahala, gauza handirik ez izan arren, bagoaz zerbait ikasten.
Agian ikasitakoak ez dira izango eskolan ikasi beharrekoak, baina tira, bizitzaren ikasgaiak ere mamitsuak dira nonbait.
Egun batean ohartzen gara, adibidez, gure ohiko taberna ez dela herrian dagoen gomendagarriena, izan ere oso ospe txarrekoa da, baina guztiz argi ez dagoen arrazoiren batengatik “bazter batean dagoen aulkian eseri, ukondoak barraren gainean paratu eta hantxe egoten zara, garagardoak bata bestearen atzetik irensten”.
Urteak pasa ahala konprenitzen dugu, baita ere, lehenengo sexu harremanak, nahiko kitzikagarriak suertatu arren, ez direla hoberenak izaten eta ordea, gorrotoa maitasuna baino askoz afrodisiako egokiagoa bilaka daitekeela.
Urteak pasa ahala hasiak gara ulertzen, era berean, gizarte perfektuaren ametsek, teknologiaren eskutik, amesgaizto bilakatzeko joera dutela, agian hobezintasuna ez dagoelako gure DNAn.
Urteak pasa ahala, ikasten dugu, baita ere, lan-elkarrizketa gehienak adar-jotze hutsak direla eta babaloretzat hartzen dugun horrek, ikasbide ahaztezin bat eman diezagukeela, gutxien espero dugunean.
Urteak pasa ahala, konprenitzen dugu, halaber, ospea lortzen dutenak ez direla beti hoberenak izaten. Belaunaldi baten talenturik handiena soto urrun batean gorderik egon daitekeela, kutxa ahaztu batean dagoen maketa horretan, hain zuzen. Eta besteak, idoloak izendatu ditugunak, berandu baino lehen akabatu behar ditugula, jasanezinak bihur ez daitezen.
Badira bai, ikasgai ugari bizitzaren ibilbidean. Batzuetan, txikitan ikasi duzunari buelta emateko modukoak. Polizia ez dago beti zure alde eta ez ditu guztion eskubideak era berean defenditzen; zaborretik irtetea ez da gauza erraza, gehienbat zu bezalako zaborrak etsairik sutsuenak dituzunean. Zure belaunaldia ez da aurrekoekin apurtu duen lehena eta ia ohartu gabe, egun batetik bestera, zu bilakatu zaitezke gorroto zenuen inkisidore hori -gainera, bihotz gazteko borrokalaria izateko ustean-.
Gai hauek eta beste hainbat ditu hizpide “Idoloak Akatu Genituenekoa” argitaratu berri den liburuak -Barnezomorro edizioak-. Hemezortzi ipuin, hemezortzi punk-kutsuko abestietan oinarriturik. Gotzon Hermosillak, Igor Mercadok eta Iñigo Basaguren-Duartek sinatzen dituzte lan kolektibo honen atalak. Talde inspiratzaileen artean Iggy & The Stoges, Bikini Kill, Anti-Nowhere League, Rezillos, eta, nola ez, Sex Pistols, Clash eta Ramones...  
Bai izenburuan eta bai informazioko testuan argi geratzen da punk-literatura izateko borondatea, baina haiek azpimarratzen dutenez “sexu , droga eta rock & roll” topikoaren osagaiak aurkitu ez ezik, “bestelako gaiak ere jorratzen dira orriotan”.
Egia esan, sexu eta drogaren protagonismoa ez da horren aipagarria eta musika ere, giroan dago, istorioetan baino gehiago. Aurkitu daitekeena aldiz, ni bezalako askoren bizimodu eta imajinarioarekin zerikusirik duten egoera -eta gogoeta- ugari dira. Errepide azkarrak, bizimodu gordinak, eguneroko mendekuak, taberna giroak, mehatxuak, lantaldeko paranoiak... Mundu oso bat euskaraz oso gutxitan aurkitzen dena eta horrenbestetan aipatzen den gure “kontaketa” horren zati bat ere badena. Nire “kontaketa”rekin erlazio zuzena badu behintzat.     
Eta bai, bazen garaia.            

         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina