Larry Page eta Sergey Brin, Googleren sortzaileak |
Atzokoa naizela eman ahal du, baina badira urteak ezagutzen dugula elkar. Hasieran, -gogoratzen?-, «bat gehiago» nintzela uste zenuen, beste bilatze-motor batzuen artean aukeran nengoela. Areago, behin baino gehiagotan «egokiena ez nintzela» ausartu zinen esatera, lagunarteko kalakaren batean, Yahoo edo izenez gogoratzen ez duzun atari euskaldun hura nahiago zenuela... (kar, kar kar)
Gizajoa. Poliki-poliki eta ia ohartu gabe ezinbestekoa bihurtu nintzen zure egunerokotasunean. Egun, ni naiz zure ordenagailua piztean agertzen den lehena, efemeriderik aipagarrienak gogora ekartzen dituena, zure urtebetetzea ere marrazki koloretsuez zoriontzen dizuna eta zure inguruko informazioa etengabe pilatzen duena.
Gerta liteke zeu non zauden ez jakitea. Lasai. Googlek badaki. Eta badakit, baita ere, zure profila nolakoa den, zure gustuak zeintzuk diren eta zure aurrekontua zein den.
«Nik ez daukat ezkutatzeko ezer», esaten diozu zure buruari, baina adi, denok daukagu egun okerren bat -eta betikotu nahiko duen ustezko lagunen bat- edo gure curriculumari laguntzen ez dion gertaera edo argazkiren bat.
Nire zerrendan agertzea oso erraza da, baina bertatik desagertzea... hori beste kontu bat da. Aintzat hartu eduki guztien jabea ni naizela eta ez zu. Bezeroek aukeratzen dituzte zeintzuk diren sarrera aipagarrienak eta zeintzuk ez; algoritmo kontua da hau, besterik ez, ez da ezer pertsonala, matematikek agintzen dute gurean.
Denok dakigu, laztana, morboak mugiarazten duela mundua. Egunen batean justiziarekin arazoak baldin badituzu, hori da zure izena bilatzerakoan agertuko den lehenengo aipamena, zalantzarik ez. Gurea garbia eta zientifikoa da, guk ez ditugu berriak egiten, bakarrik sailkatu egiten ditugu bezeroen interesen arabera (beno, eta gureak ere bai, publizitate-tasak ordainduz gero).
Urte hauetan lortu dudana, ezbairik ez, ez da astoaren goizeko arrantza. Milioika enpresa eta etxetan naiz eguneroko erreminta nagusia eta arazo larria izango litzateke egun batetik bestera ni desagertzea.
Orain ni naiz zure medikua eta zure imanorratza, zure amorante birtuala eta zure aholkularia, zure orientatzaile espirituala eta zure argazki bilduma. Eta hau guztia -momentuz behintzat- musu-truk, hau bai ogi eta arrainen miraria!
Munduko negoziorik handienetakoa izanik, nire irudia ezin da gazteago eta modernoago izan. Nire nagusiez hedabideetan hitz egiten denean sekula ez dira ‘handiki’ edo ‘jauntxo’ bezalako izendapenak erabiltzen, gureak ‘sortzaileak’, edota ‘influencerrak’ dira. Gustuko dituzte elastiko zaharkituak eta bakero urratuak janztea eta are eta gustukoago ingeniaritza fiskala erabiltzea, ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko. Horretarako Irlandan kokaturik ditugun, gure bulego ‘naifetan’, Estatu Batuetan ordaintzen ez ditugun zergak -«America first, badakigu»- Bermuda irletara desbideratzen ditugu, Facebookek eta Microsoftek irakatsi ziguten legez. Ez alferrik, burmuinik distiratsuenak biltzeko ohitura daukagu.
Pentsa ezazu, lagun: zenbat egun igarotzen duzu urtean zehar nire izeneko letra alaiak ikusi barik? Bai, badakigu, Googletik edozein momentutan atera zaitezke, baina kontuz, horrek ez du esan nahi Google zure bizitzatik irtengo denik...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina