2017(e)ko uztailaren 12(a), asteazkena

JAZANEZINAK

Urte osoan zehar, 'Más Que Palabras' irratsaioan, entzuleen gorroto biziak kontatzeko gonbitea egin dugu. 'Ezin dut jasan' izeneko atalean bilatzen genituenak ez ziren ohiko politikari edo pertsonaia ospetsuenganako fobiak, baizik eta egunerokotasunean jasanezin egiten zaizkigunak.
Zorionez, eta talde osoaren gozamenerako, entzule gehienek oso ondo ulertu dute eskaeraren mamia, eta, umorea -nahi izanez gero pitin bat mingotsa, baina umorea azken finean- nagusi izan da ekarpen gehienetan.
Hezibide arauak zerrendaren 'Top ten'-ean izan dira, jakina: «Ezin ditut pairatu metroan edo autobusean oinak aurreko eserlekuan jartzen dituztenak», «ezin ditut jasan motxila ondoko eserlekuan uzten dutenak eta bertatik kentzeko esaten badiezu mesede handi bat bailitzan jokatzen dutenak», «ezin dut jasan plazak edo hondartzak hondakinez gainezka uzten dituztenak», «gorroto ditut espaloitik ibiltzeko ohitura duten txirrindulariak»...
Zenbait ohitura berrik gorrotoen zerrenda handitzen dute: «Ezin ditut jasan jogging, running, coffee-break eta antzeko ingelesetik hartutako hitzez beren hizkera josten dutenak», «gorroto ditut smartphonetik begirada altxatu barik hitz egiten dutenak». «Ezin ditut jasan 'eskerrik' bakarrik esaten dutenak. Eskerrik, ez, eskerrik asko».
Maskotak eta hauen zainketa ika-mika ugari sortzeko gai izan ohi dira. Jasotako iritzien arabera gure gizartea nahiko sakabanatuta dago gai honen inguruan. Batzuek gorroto dituzte «haien txakurrak umeak bezala zaintzen dituztenak» eta besteek ez dituzte nozitu «animalienganako mesprezua erakusten dutenak».
Bildu ditugunen artean harribitxi hauek ere badira: «Munduko aberastasuna banatzearen aldekoak direla diotenak eta gero erronda bat ere ordaintzen ez dutenak», «beren auzoa besterik maite ez duten abertzaleak» edota «beren arazoak beti zureak baino larriagoak ikusten dituztenak».
Bada, denok dugu gure manien zerrenda beltza eta noizbehinka munduari oihukatzeko eskubidea. Nik, jasan, jasan... jasanezin dudan bakarra «izatearen arintasun jasanezina» da, baina bada gogaitzen nauen gauzarik: Ezin dut pairatu bazkalostean ematen duten garbigailuaren tutueri zikinen iragarki nazkagarri hori. Ezin dut nozitu behin eta berriz lelo tentel hori entzutea: «Ezin duzu galdu». Baina... zer da hori? Erretiratu al dira sortzaile on guztiak? Benetan 1992ko Sevillako Expotik ez zaizuela ezer hobeagorik bururatu? Niri dagokidanez, argi eta garbi diotsuet: «no te lo puedes perder» edo antzekorik entzun bezain laster badakit galduko dudan zerbait izango dela.
Ezin ditut jasan euren hiri edo herriari buruzko kritikak onartzen ez dituztenak, adibidez, Bilbo oso hiri garestia dela entzutean haserretzen direnak.
Ezin ditut pairatu prentsako berriak gorrotozko iruzkinez betetzen dituztenak, areago sinatzen ez dituztenean.
Eta bukatzeko. Gorroto ditut -zentzua dudanetik- besteen janzkera epaitzen dutenak. Gustu onen ordezkariak sentitzen direnak. Horrelako lerdokeriak segregazioak egiteko erabiltzen dituztenak. Ahoan beti besteen aukerak gutxiesteko hitzen bat dutenak. ‘Trendy’ edo ‘cool’ direlakoan daudenak, benetako orduan haiek benetako trauskilak besterik ez direnean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina