Musika jaialdi erraldoiak amestuz, mitifikatuz
hazi nintzen. Ezin ahaztu 'Isle of Wight' izeneko singlea behin eta berriz nire
tokatan bueltaka: «Isla donde llegó la juventud/ Para cantar al mundo entero su
verdad/ Con el equipaje de su amor/ Sin mas deseos que encontrar las flores de
la libertad».
'Kerouacs'
izeneko talde misteriotsu batek jotzen zuen, nahiz geroago Michel Delpech
abeslari frantsesaren arrakasta baten moldaketa zela jakin nuen.
Gogoan
dut nire burua 'Woodstock' jaialdiari buruzko pelikula ikusten, San Pablok
sutea ikusiko lukeen bezala. Joan Baez bere senarra, Vietnameko gerrara
joateari uko egiteagatik preso zegoena gogoratuz; Santana taldea jendetza
artean eromena zabaltzen, oihaneko musika basati haren bidez; Jimi Hendrix
Estatu Batuen ereserkia metrailaz eta bonbaz josten; milaka eztarri «no rain,
no rain» zeruari oihukatuz eta gero lokatza artean umeak bailiran jolasten...
arraioa, nik han bertan egon nahi nuen. Zinema-aretotik irtetean, igande
arratsaldeko 1976 estiloko familiaz beteta zegoen kalea. Ongi etorri benetako
mundura.
Hamarkada
horren azken txanpan, hasi ziren lehenengo musika jaialdiak antolatzen,
Pirinioetatik behera. Kataluniarrak, beti
Europatik hurbilago, hasi ziren 'Canet Rock' jaialdi mitikoarekin. Geroago
Burgosko zezen-plazan saiatu ziren beste antzeko ekitaldi bat antolatzen.
Bertoko prentsak haraino heldu ziren erromesei, lerro-buru historiko batekin
egin zien harrera: «Llegó la Cochambre».
Laster, Euskal Herrian ere lehenengo
saiakerak ezagutuko ziren: 'Lekeitio Rock Gaua', 'Haixerrotako Jaialdi
Antinuklearra', 'MAKRO festibala', 'B.A.R', 'Rockazoka'... Meritu handiko
ekimenak ziren horiek, baina nekez lortzen zuten behar zen jarraipena.
Horietako
batzuetan hartu nuen parte, batzuetan oholtza gainean. Segidan ohartu nintzen:
horrek ez zuen nire ametsetako jaialdiekin inongo zerikusirik. Harrezkero argi
daukat: musikaz gozatzeko behintzat, ez dira nire formaturik egokienak.
Kontzertu
batek bere iraupena eta bere 'liturgiak' dauzka. Nahiz eta zure gogoko talde
guztiak jaialdian egon, inork ez du hamazazpi kontzertuz ederki gozatzeko
ahalmenik.
Gainera,
festibaleko ekitaldi guztiak antolatzeko beharrak 'coitus interruptus'ak
errazten ditu, konparazioa onartzen bazait. Behar den moduko ekitaldi luzea
bermatua daukaten bakarrak kartel-buruak izaten dira. Ordurako burua dezibelioz
beteta egoten da, giharrak jota daude eta urdailak gazta eta solomo-bokata
garestiegiak birrintzen nekez jarduten du.
Batzuetan
nahiko ospakizun arrakastatsuak lortu ziren, normalean aldarrikapen
sozio-politikoekin loturik (Martxa eta Borroka, Korrika-jaia, AEKanpada...),
eta azkenean, milurteko aldaketarekin, jaialdi erraldoi batzuk gurekin
bizitzera geratu dira: besteak beste, Azkena Rock Festival, Euskal Herria
Zuzenean eta nazioarte mailan ezagunena 'Bilbao BBK Live'. Gehienetan antzinako
epika hura guztiz desagertu da. Hipoteka kobratzen dizun erakunde bera
antolatzailea izan daiteke eta publizitatea nonahi agertzen da.
Hori bai, urtez urte ondoko mendian The
Killers, Radiohead edo Perl Jam tankerako izenak ohikoak bihurtu izana berri
ontzat hartu behar da. Hiri bat mundu mailan gertakizun kultural bategatik
ezaguna izatea ez da ez txakurraren kaka.
Baina nik aretoko ekitaldiak nahiago
ditut. Neurri kontu bat, besterik ez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina