Askotan, bideo zaharrak ikustea ez da pentsatzen dugun bezain esperientzi ona |
Jakina da. Lehenengo jaioberriarekin batera,
gonbidatu berri bat izan ohi dugu etxean: bideo-kamara. Hasieran dena da
kilikagarria: lehen fardela, lehen zurrupada, lehen pausoak... Urte gutxiren
bueltan, grabatutako zinta-piloa espero zenuen baino askoz potoloago bihurtu
da. Hor biltzen dira kirol-lehiaketak eta gabon-ekitaldiak, kostaldeko oporrak
eta izandako “zorionak-zuri” guztiak.
Ohikoa
da, era berean, datozen haurrentzat grabazio minutu gutxiago izatea.
Argazkiekin ere gertatzen da. Nahiko prozesu logikoa da hau. Lehenjaioak erabat
artxibo oparoagoa izaten du, baita ospitaleko larrialdietara alferrikako bisita
gehiago ere.
Horrenbeste
mimoz eta arretaz hartutako eszena guzti horiek, egunen batean gozotasunez
begiratuak izateko bokazioa daukate. Gure buruak pantaila aurrean irudikatzen
ditugu, pozaren pozez, bizitako une zoriontsuak berreskuratzen.
Baina denborak ez du beti gure gogoarekin
bat egiten.
Egunen batean, gutxien espero duzunean, udako
bisitaren batek antzinako irudiak ateratzera animatuko zaitu. Zuk badakizu ez
dela, ezinbestean, oso esperientzia gozoa izaten. Batzuetan, iraganekoak, inoiz
baieztatu duzunez, hobe da iraganean uztea.
Badago,
ondo dakit, beren oroipenak behar den moduan gordetzen dakitenak. Ni ez naiz
horietako bat. Nire zintak urteka daude gordeta eta askoz jota, mezu
generikoren bat daukate idatzita: “Mallorcako oporraldia” ... edo. Era honetan
ezusteko irudiekin topatzeko aukerak asko handitzen dira.
Nire
harridurarako, 1995. urteko kamerak bizirik dirau eta erraz moldatzen da 2017ko
telebistarekin. Gure bizitzako pasatako uneak hasten dira pantailan agertzen.
Modaren ezinbesteko aldaketak agerian. Sinestezina, hamarkada batzuen bueltan
zenbat aldakuntza sumatzen diren. Normalean kontuan izaten ez ditugun
bitxikeriak dira: berokiak, soinekoak, orrazkerak, alkandoratako lepokoak...
“egunen batean -badirudi esaten digutela- orain daramazuna ez da modan egongo,
lasai hartu, beti horrela izan da.
Bat
batean, lehenengo hildakoa: minbiziak eramandako lagun hura, pozik eta sasoian
zegoenean, umeak behar den moduan jaten ez ziolako kezkatuta. Halabeharrez,
tristura egongelaren jabe egiten da...
Seme-alaben
irudiak ere, kutsu malenkoniatsua utzi ahal dute. Janzkerak, ahotsak,
erreakzioak... bideoetan -eta ez horrenbeste argazkietan- alabak txikitan
ikusten ditudanean nolabait ezezagunak egiten zaizkit eta horrek urduri samar
jartzen nau.
Bideo
zaharrek hondar gazi-gozo bat uzten digute. Betikotasunaz eta itzuliko ez denaz
mintzo dira eta dagoeneko existitzen ez den leku batean kokatzen gaituzte,
oroimenaren iragazki tranpati barik. Hor gaude gu, mundua gelditu egin
zelakoan, guraso bihurtu ginelako.
Sasoia
amaitu da. Zintak tiraderara berriro bueltan. Zorte pixka batez hurrengorako
ezinezkoa izango da erreprodukzioa. Jose Luis Lopez-Linares eta Javier
Rioyo-ren “Un Instant en Vida Aliena” (Une bat Inoren Bizitzan) filmean oso
ongi islatu zuten sentipen hau.
Mary
Schmich, Estatu batuetako idazleak bere “Wear Sunscreen” (Erabili Eguzki
Babeslea) izeneko entseguan idatzi zuenez: “sinistu nazazu, hogei urte barru,
zure antzinako argazkiak ikustean, zenbat aukera zenuen eta zer ederra zinen
konturatuko zara...”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina