Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, -esan
didatenez- nire lehen pausuak eman nituen. Haurtzaroko lehen urte horietaz ez dut
oroitzapenik, baina bai zenbait zuri-beltzeko argazki: jostailuzko auto batekin
jolasten; izozki bat mesfidati aztertzen; aitaren besoetan negarrez...
Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, betiko itxura
duen parkean, lehenengo ostikadak eta lehenengo ezuste galanta hartu nituen,
eskolako kartera ahaztu nuela eta.
Belardien arteko bazter horretan, hain zuzen,
hildakoarena egin nuen behin, gerretara jolasten ari nintzela. Horren gustura -eta
nekatuta- nengoenez gero, unea luzatzea erabaki nuen. Ama, ziztu bizian
nireganatu zen, konortea galdu ote nuen beldur.
Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, gune
horretan hain justu ere, zaindari potolo eta bibotedun batek isuna jarri zidan
belardia zapaltzearren, eta, botereari
aurre egiten lehenbiziko aldiz ikusi nuen ama.
Urte batzuen bueltan eta oraintxe zapaltzen ari naizen
lurzorutik, berdez jantzitako gizon horiek borra-kolpeka ikusi nituen, nire
gurasoek, ikarak jota, bertatik behingoan ateratzen ninduten bitartean. Urteak
pasa ahala, Butanok zuen gordetegian izandako sutearen ondorioa izan zela jakin
nuen. Etxerik gabe geratu zen jendetza, udaletxe aurrean dagoen parke honetan
bildu zen irtenbide baten eske. Zenbait urte geroago, nik neuk egin behar nuen
hanka, Oskorriren kontzertu batean norbaitek ikurrina atera zuenez gero.
Parke honen inguruan bueltaka eta bueltaka ibiltzen ginen
udako arratsalde amaigabe haietan, pipitak eta lehenengo zigarro solteak
nahastuz. Aurpegi baten bila nenbilen eta batzuetan, hamaikagarren bueltan edo,
aurkitzen nuen. Bat-batean, gure begiradak elkartu ziren segundo batez, nire koadrilaren
trufen artean... eta hori zen dena.
Baina orain zeharkatzen ari naizen parke honen palmondoen
azpian, izan ziren, baita ere, geroago, barreak, musuak eta jai-amaiera
ederrak, arrantzalez jantzita, zaindariak eta isunak desagertzen ari ziren
garaian.
Aurrera jotzen dudan heinean, nire iraganaren aztarnak
nonahi sentitzen ditut. Parke erdian altxatzen
den musika kiosko eder horretan gure lehenetariko emanaldi bat eman genuen,
halako erokeria bati “emanaldi” deitu ahal bazaio. Ezin ahaztu jendetzaren
ikara-aurpegiak.
Orain zeharkatzen ari naizen parke honetara etortzen
ginen “piper” egunetan, asteko goizetan apenas jenderik Ikusten ez zenean. Egun,
erretiratuak dira jaun eta jabe. Horietako batzuek latino itxura duten
laguntzaileak dituzte. Latindarra ematen du, baita ere, futbolean daudenen
umeen artean Espainiako selekzioaren elastikoa duen bakarrak.
Orain zeharkatzen ari naizen parke honetan, oro har
betikoa izanik, badago, ordea, aldatu den gauzarik. Horietako bat, beharbada
deigarriena, izkina honetan zegoen aldizkarien postua. Urtez urte, bere
kristalen atzetik, gure bizimodua nola aldatzen ari zen ikusteko aukera ematen
zigun. "Cambio 16" eta bere titulu ausartak, “Interviun” agertzen ziren lehenengo
titiburuak, “Punto y Hora” edo “Garaia”, “Fuerza Nueva”-ren ondoan kontraste
egiten. “Hermano Loboren” azal apurtzaileak ... Hori ez zen bakarrik
prentsa-kiosko bat, hori -kasik- geure aldaketa sozialen ispilua zen.
Egun batetik bestera kioskoa itxi eta handik gutxira
desmuntatu egin zuten betiko.
Oraintxe zeharkatu dudan parke hau, ez da harrezkero
berbera izan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina