2017(e)ko irailaren 9(a), larunbata

PARADOXAK





“Patria” liburu ospetsuaren kapitulu batean, Txato, protagonista, Real Sociedaden partidu batera doa bere semearekin, Zaragozako La Romareda estadiora. Berak ez daki ETAk laster hil egingo duela. Partidu osoan zehar bertoko zaletuak irainka ariko zaizkie etengabe: “terroristak”, “vascos hijos de puta” eta garai hartan hain ohikoak ziren antzekoak oihukatuz.
Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera hauxe da “paradoxa” hitzaren definizioa:
1. Egiazko dirudienaren edo gehiengoaren ustearen kontrako ideia
2. Itxuraz zentzugabea edo bere buruaren kontrakoa izan arren, egia den edo izan daitekeen adierazpena; aldi berean egiazkoa eta gezurrezkoa izan daitekeen adierazpena (adib.,  beti gezurra esaten dut).
Berriki Katalunian igarotako egun eder batzuetan, “paradoxa” hitza behin eta berriz dantzan aritu da nire buruan. Gironan bertoko lagun batzuekin hizketan nengoela, “Patrian” irakurritako paradoxa horretaz gogoratu nintzen. Hango lagunak independentistak egin dira azken urteotan. Besteak beste, erabiltzen diren argudioen artean, jasaten duten anti-katalanismoa dago. “Gezurra dirudien arren, Espainian katalanak gorroto gaituzte, euskaldunak baino askoz gehiago, eta ez dugu ulertzen, azken finean hemen ez da hilketarik izan” (egia esan, “apelliduen” pelikulak ikusi ostean, nahiko tratamendu ezberdina sumatu daiteke bi herrialdeen artean).
Baina arras paradoxikoa iruditzen zait, era berean, beren ahotan -eta beste askorenetan- errepikatzen den baieztapena: “Independentzia nahi dugu, hobeto biziko garelako, gu ez gara abertzaleak”. Benetan norbait independentziaren aldekoa izan daiteke nazionalista izan gabe? Nondik dator orduan muga batzuk eta ez besteak marrazteko eskubidea? Bizimodu hobea lortzearena nahiko al da edozein komunitatek estatu bihurtzea aldarrikatu ahal dezan? Demagun Arratiako bailaran -adibidez- petrolioa aurkitzen dela. Nahikoa litzateke lortuko luketen bizi-kalitatea erreferendum bat eskatzeko?
Paradoxikoa da benetan, baita ere, runba katalanak lortu duen zabalkuntza. Gitarra espainolak eta flamenko kutsuko moldaketak, normalean gaztelaniaz eta Espainia hegoaldeko doinuaz abesturik, jaun eta jabe egin dira herriko jaietan zein zuzeneko musika eskaintzen duten tabernetan. Eta ez da arraroa oholtzan esteladak ikustea edota kantuen artean independentziaren aldeko oihuren bat entzutea. Bartzelonako 1992ko olinpiadetan Los Manolos taldeak eta Peretek  estilo hau munduratu zutenetik Kataluniaren nolabaiteko marka bilakatu da. Izan ere, askoz errazagoa da runba entzutea, sardana baino.
Baina Bartzelonako adiskideak, aldiz, langile-auzokoak -La Prosperitat, Nou Barris barrutian- Euskal Rock Erradikaleko kontzertuak antolatzen zituztenetik ezagutzen ditut eta hauek, erreferendumaren aldekoak badira ere, ez dute beren burua independentistatzat hartzen. Haien ustez, eta ezker klasikoaren argudioen ildotik, langileek ez dute aberririk eta abertzaletasun guztiak eskuinekoak dira.
Eta bat batean, guztion eskemak pikutara bidali nahian edo, yihadisten hilketa terrorista. Hurrengo egunean Kordobako gazte batek, gerrillariz mozorroturik eta azentu andaluziarrez, bai katalanak bai euskaldunak, etorkizuneko “Al Andalus” batean elkarturik egongo garela islamiar estatu barruan ziurtatzen digu.
Ala-jainkoa!                                     



         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina