Lagun batek gomendatuta, oso esperimentu bitxia ikusi nuen Youtuben. “Nolaparekatzen gara” izeneko dokumentalaren barruan zegoen eta pertsonen arteko
sedukzioaren gakoak deskubritzeko asmoa zuen lanak.
Hamar gizonezko eta hamar
emakumezko aurrez aurre. Aukeratutako guztiak erakargarritasun maila ertainekoa
dira. Guztiak txandal eta bainu-txano ilunak daramatzate jantzita. Zenbaki bana
daukate buruan. Batetik hamarrera zenbakituta daude, era arbitrario batean eta
honek, froga baldintzatuko du erabat.
Partaide bakoitzak aurrean dituenen
artetik bikotea aukeratu behar du. Inork ez daki bere bekokian duen zenbakia
zein den.
Aukeraketan bi faktore hauek
erabakigarriak izango dira oso: norberari buruz duen iritzia eta bere ustez, aurrekoen
artean lortu dezakeen zenbakia.
Azkenean, arrak eta emeak
nahiko zenbaki hurbilekin parekatuko dira. Banatutako zenbakiak ausaz jarri
diren arren, bat batean garrantzizko bihurtu dira.
Jartzen ditugun notak.
Jartzen dizkigutenak. Gure bekokian daramaguna
-edo uste duguna- Hori bai gaia. Eta ez bakarrik gure itxuraren arabera.
Saihestezina. Bai, “nik denak berdin epaitzen ditut” esan ahal diogu geure
buruari, baina errealitatea beste bat izaten da. Hor daukazu jaioberria, gehienetan
hamar handi bat kopetan daukana, berez txikia eta maitagarria izateagatik
bakarrik. Hazten den heinean hasierako nota horri eustea oso zaila bihurtuko
zaio. Zure edertasuna, zortea, adimena, lorpenak... aldagai ugari daude jokoan
zure kalifikazioa hobetzeko orduan. Zahartzarora nota on batekin heltzea oso
erronka zaila bilakatuko da.
Egunkaria zabaldu besterik
ez duzu egin behar. Hor daude notak, argazkien aurpegietan: Rodrigo Rato, Carles
Puigdemont, Patxi López, Inés Arrimadas, Woody Allen, Iñigo Urkullu, Lucía
Etxebarría... Orain dela zenbait hilabete beste nota bat izango zuten. Batzuek goranzko
bidea eta besteek beheranzko bidea hartu dute. Keinuetan -esango nuke- igartzen
zaie “gutxiegi”, “nahiko” edota “matrikula” garaian dauden.
“Emazteak utzi ninduen,
baina gaur telefonoz deika eta deika aritu da”... esan zuen loterian sari
potoloarekin saritutako batek. Egun batetik bestera bere puntuazioa izugarri
igo omen zen.
Hor daukagu, esate baterako,
Nekane izeneko neska bat. Ezagutu nuenean zortzi bat zeraman bekokian. Gero kuxkuxero samar
zela ohartu nintzen eta bostera jausi zen . Baina geroago Hegoamerikan
denboraldi bat igaro zuen eta ekarri zuen orrazkerak zein asetasunak bere
kalifikazioa bederatzi arte altxatzera gonbidatu ninduten berriro. Baina atzo
harekin egin nuen topo eta oso tipo nazkagarri batekin zegoen, buruan hiru bat
sumatu nion hari, ezin saihestu. Nekaneren notak ere behera egin zuen
halabeharrez, bost batekin geratu arte.
Bestalde, nire inguruko kideen
begietan asma ditzaket jartzen dizkidaten notak. Batzuetan, nire zenbakiek
zelan gora eta behera egiten duten susmatzeko gai naiz.
Eta ez, erraz egiazta daitekeenez,
heriotzak ez du hau akabatzen. Hildako batek baino gehiagok bere bizitzan
amestu ere ezin zezaken nota eskuratzen du. Bat batean gizateria osoa haren
onura guztiez ohartzen da.
Baina mesedez ez hartu hau
guztia aintzat. Gabonetako biharamuna da, gaur goizean kristoren pareko zeroa
ikusi dut nire kopetan, ispilura begiratzean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina