Hamahiru urteko Robertorekin
egiten dut berba batzuetan. Ez dizut ukatuko. Hori gertatzen den guztietan
kontuz ibili behar dut. Oso tipo zintzoa eta zorrotza da, nahiz, bere adinean
normala denez, erabat galduta egon hainbat arlotan.
- Aupa Rober. Hemen zure
2018. urteko bertsioa... Zelan?
- Tira. 2018? Uff, nekez
imajinatu dezaket 2000. urtea ere. Ziur aski, inguratzen zaituen guztia erabat
ezezaguna eta ulertezina izango da niretzat... Nolako gizartetan bizi zara?
- Ba... gauza batzuetan
harrigarria irudituko litzaizuke, baina, ez pentsa, beste batzuetan ez dugu
horrenbesteko aldaketarik izan... “2001 Odisea espazioan” eta antzeko
pelikuletan agertzen dena ez da gertatu. Lurrean bizi da gizakia oraindik, eta,
ez da hemendik kanpoko inongo kolonizaziorik izan... estralurtarrak ez dira
inondik agertu, nahiz, zure garaian gertatzen den bezala, beti dagoen kontrakoa
baieztatzen duenik...
-Orduan ez duzue hegaz egiten
duen autorik? Ez ikusezin bihurtzeko ahalmenik?
- Ba ez...harrigarriena zuretzat,
agian, orain konputagailuak poltsikoetan eraman ditzakegula...
- Konputagailuak poltsikoan?
Eta zertarako?
- Ba izan daitezke
telefonoak, musika entzuteko tresnak, mezulariak, informazio bilatzaileak...
- Gerraren bat bizi al duzu?
- Mmmm, gerra, gerra... ez,
bizi izan dugunak ez du inolako zerikusirik zure aitona-amonek bizi izan
zutenarekin, baina, hilketa asko izan da ETAren eskutik eta beste zenbait
ETAren kontrako ekintzetan.
- ETArena 2018. urteraino
luzatu al da?
- Ba, bai. Izan ere, orain
dela oso gutxi iragarri dute beren desagerpena.
- Noiz arte iraungo du ba
Francoren erregimenak?
- Urte pare bat barru Franco
hilko da eta trantsizio prozesu bat zabalduko da Espainia Europako demokraziekin
parekatzeko. Baina batzuek -ETA barne- ez dute horretan sinetsiko.
- 2018. urte arte?
- Mmm, konplexua da.
Gehienbat, desagertu dira, jendearen laguntza galdu dutelako eta poliziaren
eraginez, batez ere Frantziakoaren eraginez, esango nuke nik...
- Eta zeintzuk dira gehien
saltzen diren diskoak?
- Uff, kaseteak desagertu
dira eta diskoak hilzorian daude. Orain musika internet bidez entzuten da
gehienbat...
-Internet?
- Bai, mundu mailako
informazio sare bat, sakelako telefonoan eraman dezakezuna... Binilozko
formatua baztertuta geratuko da, compact disc
agertuko da... Kristoren negozioa ikusiko duzunez...
- Rockak bizirik dirau?
- Bai, baina orain ez da
gazteen ikurra. RAP, Punk, Trash, Reggaeton eta beste estilo asko sortu dira.
Orain “rapero” bat espetxeratuko dute bere hitzengatik...
- Eta jendeak oraindik
Beatles eta Rolling Stones gogoratzen al ditu?
- Bai, ez da batere arraroa
jende gaztea Beatles taldeko elastikoekin ikustea, nolabaiteko “revival” bat
bizitzen ari dira... eta Rollingek atera berri dute disko bat “Blue &
Lonesome”, bide batez Dylanek literaturaren nobela irabazi du eta ABBAk hologramekin
hasi du bira bat...
- Uff, Rollingak esan duzu?
Kalkula dezagun... mmm... hirurogeita hamar eta gehiago urterekin?
- Bai, jauna.
-Eta zer musika mota egiten
dute orain?
-Ba “bluesmen” klasikoen bertsioak dira denak,
beren hasierako disko bat ematen du... baina hobeto grabaturik...
- Buah, ezin dizut sinetsi.
Begira, galdera asko egingo nizkizuke, baina momentuz honela utziko dugu.
Bistan denez bizirik jarraitzen duzu eta ez da gutxi. Hobe da gauza batzuk
aldez aurretik ez jakitea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina