2020(e)ko azaroaren 6(a), ostirala
AHOLKU ALUAK
Aldiro gertatzen zait. Lagun zaharren batek, auzokideren batek edo lankideren batek semeari mesede bat egiteko eskatzen dit: «Begira, laurogeiko hamarkadako Euskal Rock Erradikalari buruzko lan bat egiten ari da eta ez daki oso ondo norengana jo. Galdera erraz batzuei erantzun ahal badiezu…». Nik beti baietz esaten dut noski, nekagarri samar egiten zait beti topiko berberen gainera itzultzea, baina ni ere gaztea izan nintzen eta badakit zein garrantzitsua den helduek zuri kasu egitea eta zein txarra izan daitekeen mespretxatua sentitzea. Gainera, ez zait zaila egiten, galdera asko errepikatzen baitira, logikoa denez.
Baina lehengo astean, kamarada zahar baten semeak galdera ezberdin bat egin zidan: Zer aholkatuko zenioke oraingo gazte bati?
Nik aholkatzea? Nik, mende erdia ongi gainditurik, ziurtasun baino zalantza gehiagorekin jarraitzen dudan honek? Beti pentsatu izan dut, aholkurik onena, eginekin erakustea dela, komun bateko atean behin irakurri nuenez: «Ez iezadazu esan zer pentsatzen duzun, esadazu zer egiten duzun». Cat Stevensen 'Father and Son' abestia datorkit burura: «Ez da aldaketa bat egiteko garaia/ soilik hartu lasai/ oraindik gaztea zara, hori da zure akatsa…». Gaztetatik, abesti hau paternalista samarra iruditzen zitzaidan. Askoz ere interesgarriagoa Mary Schmichek, 'Chicago Tribune'-rako 1997. urtean idatzi zuena, 'Wear Sunscream' izenekoa. Lagun batek desafio egin zion gazteei aholku onak emateko, eta berak zerrenda praktiko bezain bikain bat egin zuen, gaur egun zeresana ematen jarraitzen duena. Izan ere, beraren esaldi batzuk niregana itzultzen dira noizbehinka: «Gozatu zure gaztaroko indarrarekin eta… ez egin kasurik, ez duzu inoiz ulertuko zure gaztaroko indarra eta edertasuna zimeldu arte»; «bizitzan benetan garrantzitsuak diren arazoak inoiz burutik pasatu ez zaizkizunak dira, edozein astearte arratsaldeko lauretan harritzen zaituzten horietakoak»; «gogoan izan jasotzen dituzun laudorioak, ahaztu irainak, baina lortzen baduzu, esadazu nola», «ikasi gurasoak ulertzen, berandu izango da haiek ez daudenean. Eraman ondo zure anai-arrebekin, horiek dira zure iraganarekiko loturarik onena, eta, ziurrenik, etorkizunean zurekin egongo direnak»; «lagunak etorri eta joan egiten dira, baina horietako batzuk maitasun handiz gorde behar dituzu».
Ezer gutxi erants diezaioket artikulu biribil honi, osorik irakurri nahi izanez gero sarean erraz aurki dezakezun horri, baina norbaitentzat mesedegarri izan badaiteke, hona hemen nik mutiko horri erantzun niona: gaztaroa zalantza askoko aldia izaten da, ziurtasunak gehien behar direnean. Garai horretan pisu handiko errealitate ezberdinen artean mugitzen gara: alde batetik, etorkizunerako prestatu behar dugun unea da; bestetik, bizitzaz gehien goza dezakegun garaia da, eta, azkenik, bizitzako garai horretan eskuzabaltasun, noblezia, eta gauzak aldatzeko gogo handiagoa izaten dugu. Aholkatzera ausartzen naizen gauza bakarra honelako zerbait izango litzateke: saia zaitez horren guztiaren arteko oreka lortzen.
Hala ere, aholkuen inguruan Schmich berak esaten duenarekin amaitu nahi nuke: «Aholkuak nostalgia mota bat dira. Iragana zabor-ontzitik ateratzeko, garbitzeko, eta zati itsusiak ezkutatu ondoren birziklatzeko modu bat da, duena baino balio handiagoa emanez».
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina