2020(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

HORTOGRAFIA ERRADIKALA

Laurogeiko hamarkadan nolabaiteko ospe iheskor bat ezagutu zuen gizon baten gertaera da hau. Haren punk-rock taldeak ez zuen gehiegi iraun. Ez zuen inoiz estadio beterik ezagutu, ez bira erraldoirik, ez hotelik. Hala ere, aste batzuetan denon ahotan egon ziren. Eskandalu ikaragarri baten protagonista bihurtu ziren eta horren ondorioz egunkari guztietako azaletan agertu ziren. Taldeak «los Tampones» zuen izena eta Cajón de Ritmos musika saioan parte hartzera gonbidatu zituzten. 'Estamos Contra las Reglas' izeneko abestia egin zuten eta indar eskuindarreko komunikabide guztietan «moralari eta ohitura onei iraindu zien» ekitaldi horren aurkako salaketak egin ziren. Espainiako Telebistaren kontrako protesta ugari izan ziren, hain abesti «nazkagarria» programatzeagatik, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, egun batetik bestera gehiegizko ospea eman ziena. Disko bakarra grabatu zuten eta eskandaluak sortutako hainbeste zarata zela eta, nazkatuta eta erreta, dena bertan behera uztea erabaki zuten. 'Los Tampones' taldekoak -Vulpess taldean inspiratuta- Euskal Rock Erradikaleko puntako taldeekin aritu ziren. Anoetako Belodromoan ere jotzear egon ziren. Baina azkenean dena anekdota hutsean geratu zen. Orain, gertaera hartatik hogeita hamar urte baino gehiago igaro ondoren, gizon hori, talde hartako abeslaria izandakoa, alarguna da, bi seme-alaba bere ardurapean dauzkana, eta gorriak ikusten ditu, bere liburuzain soldatarekin hilabete bukaeraraino heltzeko. Egun batean, bere seme-alabek ikasten duten institututik proposamen bat iristen zaio: zergatik ez dituzue 'Los Tampones' taldeko kideak ikasturte amaierako festarako biltzen? Taldeak bizirik dirau jende askoren oroimenean, euren eskandaluaren oihartzuna gazte askoren belarrietara iristeraino. Izan ere, taldearen izena erraz ikus daiteke oraingo ikasle batzuen kamisetetan. Horixe da 'Tratado de Hortografía', Patxi Irurzunen liburu berriaren oinarri argumentala. Azalean agertzen den leloa 'Una novela sobre el Rock Radikal Vasco' erakargarria izan daiteke irakurle-profil bat eskuratzeko, baina, egia esan, eleberria hori baino askoz gehiago da. Izan ere, amu horrek eraginda liburura hurbilduko litzatekeen irakurle batek etsipena ere senti lezake. 'Tratado de Hortografía', besteak beste, belaunaldien arteko arrakalari buruzko eleberria da, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazio zailaren isla, baita guraso horiek beren burua modernotzat, ezkertiartzat eta punk kulturaren seme-alabatzat hartzen dutenean ere. Urteetan dirauen adiskidetasunari eta zahartzearen traumari buruzko liburua ere bada; protagonista, gutariko asko bezala, gaztaroa sakralizatzen zuen garai batean hazi baitzen. Asko dira lan honetan aurki daitezkeen lorpenak, azala barne, garai hartako kasete-zinta batzuen bilduma tipikoa erakusten duena. Garai errepikaezina izan zen hura, bai. Euskal Herri osoko gazteok geure historia idaztea eta dirurik eman ez arren «inon baino alaiagoa» izango zen rockanrolla egitea amestu genuen. Festa eta aldarrikapena grinaz bizi izan ziren urte zoro haietan, heroinarekin dena zakutik hartzen joan zen arte. 'Tratado de Hortografía'k oso ondo eusten dio tentsio narratiboari eta gehiagorako gogoz uzten zaitu. Norbaitek serie bat egin beharko luke honekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina