Lehenengo lanarekin asmatzea funtsezkoa izaten da rock talde baten ibilbidean. Ilegales taldeko asturiarrek ederki lortu zuten, 1983ko urte asaldatu hartan nonahi entzuten zen euren izenez sinatutako lehenengo diskohura. Konbinazioa ezin perfektuagoa zen: abesti itsaskorrak, bizitzaren alde basatian zebiltzan testuak, giroa berotzen zuten erritmo sendoak eta, batez ere, bera: Jorge Martinez, bere ahots erlatsaz eta gitarra zorrotzez armaturik. Ezinbesteko disko haren azalak gizon baten irudia eskaintzen zuen, lokian tiro egiteko zorian zegoena. Horrek guztiak, aparteko 'molotov-koktel' bat osatu zuen, urteetan zehar etengabe entzuna izan zena eta, denboran zehar, taldearen kanturik eskatuenak gordetzen jarraitu zuena. Orain jakin dugu Zafiro disko-etxeak uko egin ziola soinu-misil hori argitaratzeari, eta CBSk,Victor Manuelek hala gomendatuta, argitaratu zuela azkenean.«Asturian power» omen.
Ilegales taldearen igoera, taldeburuaren inguruko 'legenda beltzarekin'
batera etorri zen. Indarkeria-istorioak eta mota guztietako gehiegikeriak,
izurritea bezala hedatu ziren.
1985. urtean kartela partekatu genuen desagertutako
Bilboko Erakustazokan. Nire harridurarako, aldageletan gizon lasai bat aurkitu
nuen, oso hizkera landua zuena eta gure taldea eta garai hartako hemengo mobida
oso ondo ezagutzen zituena. Oholtzara atera bezain laster honela azaldu zen
ohiuka: «Ilegales taldea gara eta ez gara inoiz garbitzen! Galtzontzilloak
hormaren kontra botatzen ditugunean, itsatsita geratzen dira!». Hirukotea sasoi
betean zegoen eta maila altuari eutsi zion bere jardun osoan zehar. Gogoan dut
beste «speech» gogoangarri bat: «txikia nintzenean bakezalea nintzen. Baina
muturra berotu zidaten eta bakezale izateari utzi nion. Orain aberatsa
bihurtzen ari naiz eta berriz ere bakezalea izango naiz!». Beren azken abestia
jotzen ari zirenean, norbaitek zerbait bota zien, eta Jorgek gitarra utzi eta
ziztu bizian bota zuen bere burua jendearengana eta ukabilka ekin zion ustezko
errudunari. Lehen disko hark itxaropen handia ekarri zuen, baina «Agotados de
Esperar el Fin» izeneko bigarrenarekin huts egin zuten. Berdin dio. Ilegales
taldekoek ibilbide luze eta oparoa lortzeko beharrezkoak diren gauza guztiak
zituzten: kantu on sorta bat eta tabernako milaka elkarrizketatan puztutako
mito bat. Chema Veiga eta Juan Moyaren eskutik “Mi Vida Entre Las Hormigas” dokumentala
iritsi zitzaigun, orain zenbait plataformatan ikusgai dagoena. Protagonista,
ezinbestean, Jorge Martinez dugu. Bere bidean topatu duen jende guztia markatu
duen gizona, bizitzea egokitu zaion garaiko handitasun eta miserien zati handi
bat bereganatu duena: Jorge bortitza, Jorge dibertigarria, Jorge ikaslea, Jorge
zentzugabea... Gandorrik gabeko punkena, 'Scooterrik' gabeko 'modena' eta
'tuperik gabeko rockerrena'. Gorroto eta miresmen handiak pizten dituen gizona,
baina denon errespetua lortu duena. Bakarrik bizi den gizon bat, familiako
oroitzapenez betetako etxe handi batean, bere gitarra eta berunezko
soldadutxoez inguratuta. Gerlari familia batetik datorrela esaten du, eta,
indarrak iraun bitartean, gerra egiten jarraitzeko prest dagoela diosku.
Pertsonaia eztabaidagarria bai, baina, beste ezeren gainetik, bapo gozarazi
digun tipo aparta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina