María Ostiz, gaztaroko irudi batean |
Disko-denda baten erakusmahien artean kuxkuxean
ibiltzea, nerabezarotik izan dudan plazer handienetako bat izan da. Ohitura
hori mugatu egin da saltoki horiek desagertzen joan diren heinean. Geratzen
zaidan azken tenpluetako bat Power Records da, Bilbo erdialdean, gune
erresistente bat non beti aurki ditzakezun binilo deskatalogatu hori, hainbeste
maite zenuen single hura edo merkatuko azken nobedadea.
Jon eta Javi beti egoten dira hor, erne eta tinko,
Spotyfyak inoiz emango ez dizun konfiantza, ezagutza eta -askotan- barre plus
hori ematen.
Beraz, horrela nengoen joan den astelehenean, bigarren
eskuko biniloen artean endredatzen, Maria Ostizen diskografia osoarekin topo
egin nuenean. Aurkikuntzak elkarrizketa bizi horietako bat eragin zuen, zeinean
jabeekin eta dendan bueltaka dabiltzan ezezagun batzuekin oroitzapenak astinduz
luzatzen zaren.
«Ba, tipa honek deputamadre kantatzen zuen, baina
beata fama hartu zuen, nik uste dut Zoco, Real Madrideko jokalariarekin ezkondu
zenean erretiratu zela, eta egun batetik bestera desagertu zen» ... «Ez al zen
Opus Dei-n sartu?» … «Ba begitu, emakume hori rockanrolla abesten hasi zen,
Lorella eta Los Shakers izeneko talde batean»…
Ordu batzuk geroago, jakin-minak jota, artistaren
hainbat single erreskatatu nituen nire etxean: «Aleluya del Silencio», «María
Ostiz canta en vasco: Aurtxoa Seaskan», «Cigarra Canta Cigarra»... Deigarria da
emakume nafar hau, primeran abesten zuena, OTI jaialdia irabaztera iritsi zena
eta bere abestiak -horietako asko oso arrakastatsuak- konposatzen zituena,
horren ahaztua izatea. Gogoan dut 'Crónicas marcianas' saioan zuten pertsonaia
batek errukigabe egiten ziola iseka. Sarean bilatuz gero, azkenean 2020ko
maiatzean egindako elkarrizketa adierazgarria aurkitu dut: «Opus Deikoa izan
banintz, harro esango nuke, ez baitut uste zerbait txarra edo Konstituzioaren
aurkakoa denik, baina niretzat askatasuna oso garrantzitsua da, bai erlijioan
eta baita politikan ere». Mariak saminik gabe hitz egiten du, jakin badaki
ospea galkorra dela. Beti izan duen emakume zuzenaren irudi horri eusten dio:
«Hispavoxetik ate txikitik atera nintzen. Zuzendari nagusiak bere bulegora
deitu zidan haragi pixka bat erakutsi behar nuela esateko. Larrutan jartzea
nahi duzu? Galdetu nion. Bestela Opusekoa zarela esaten jarraituko dute,
erantzun zuen. Baina nik kantatu nahi dut, ez naiz hona etorri ipurdia
erakustera, erantzun nion. Ados jarri ez ginenez, zutitu eta alde egin nuen. Bi
ate daude bulego honetan, esan zidan, bata korridorera, konpainiako beste
bulego batzuetara eramaten duena, eta bestea txikiagoa, zuzenean kalera
ateratzen zaituena. Eta nondik atera nahi duzu? Galdetu zuen. Ate txikitik
jakina, erantzun nion eta etxera itzuli nintzen negarrez. Hor amaitu zen dena».
Laurogeiko hamarkadan inongo oihartzunik gabeko disko
bat grabatu zuen. Garai hartan inork ez zien iada kantautoreei kasu egiten, eta
horixe izan zen utzi zigun azken arrastoa: «Nolanahi ere, musikak poz handia
eman dit. Ez dakit justizia egin zaigun nire garaiko kantautoreoi. Ez nau
kezkatzen. Belaunaldi bakoitzak bere abeslariak, bere aktoreak, bere izarrak
ditu. Batzuk itzalean mantentzen dira. Horrela nago ni, ez naiz kexatzen. Ez
dut hatzik mugituko itzalpetik irteteagatik. Horrela da…» Eta txitxarrak
kantatzeari utzi zion.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina