2021(e)ko urtarrilakren 25(a), astelehena

Billy Wilder eta Gloria Swanson

'Pijo' hitza hain indartsu sartu da gure eguneroko hiztegian, ezen euskarazko esanahia ere aldatu egin baitzaio. 'Euskal Hiztegi Modernoan' kontsultatuz gero, honako hau aurkituko dugu: 'Pijo': 1. ausarta, bipila. 2. trebea. 3. 'adorez', 'irmo'. Aldiz, 'Pijo' gaztelaniazko hitza nola euskaratzen den jakin nahi badugu, literaturan izan ezik ia inoiz entzunez ez ditudan hitzak aurkituko ditugu: 'aberaskume', 'txankamehe', 'hamalau'… Espainiako Errege Akademiak honela definitzen du 'pijo» terminoa: «Modu itxuratiaz janzten, portatzen edo hitz egiten duen pertsona, posizio sozial eta ekonomiko ona adieraziz, bereziki gaztea denean».

Hitz hori gazte madrildar bati entzun nion lehendabizikoz, hamazazpi urte nituelarik Inglaterran fruta biltzen ari ginela: «Qué chamarra más pija» esan zidan. Orduan, nire inguruan 'niño pera', 'niña de papá» edo 'pureta' erabiltzen zen, azken hori esaten baitzen edozein bizio baztertu eta modu konbentzionalean janzten zuenari buruz. Denborarekin, esan dudan bezala, hitza gure bizitzaren parte bihurtu zen eta orain nonahi dago entzungai. 'Acción Mutante' filma aurkezten zuenean, Alex de La Iglesia-k grabaturik geratu zitzaidan zerbait aipatu zuen: «Inork ez du bere burua 'pijotzat' hartzen, horregatik, 'pijoen' aurkako film batek guztion identifikazioa lortzen du». Duela gutxi, mahai-inguru bat antolatu genuen irratian, laurogeiko hamarkadaz eta orduko 'mobiden' inguruan hitz egiteko. Madrildarren ustezko 'pijismoa' behin eta berriz erabili zen, arma gisa, elkarri jaurtitzeko. Patricia Godes movida madrildarrari buruzko liburu baten egilekideak ahal zuen moduan defendatzen zuen bere burua: «Oso oker zaudete, zinema-zuzendarien eta intelektualen seme-alabei pijoak deitzen diezue, kulturako jendea ziren, ez pijoak». Beste garai batzuetan ez bezala, orain ongi ikusia omen dago jatorri xumeez harro egotea eta lau haizetara zabaltzea. Monthy Phytonen esketxik ospetsuenetako bat gogorarazten dit: bi jaunek biziki eztabaidatzen dute ea bietatik, zeinek izan zuen haurtzaro miserableagoa. Eztabaida areagotzen doa biak ala biak barregarri geratu arte: «Guk putzu zikin batetik edaten genuen ura!… ba guk geure gonbitoak jaten genituen!». Rockaren munduan oso adibide esanguratsuak ditugu: Joe Strummerrek, goi mailako diplomazialariaren semea zenak, punkyen artean langile eta ezkertiarraren irudia eman nahi izan zuen beti, eta ordea, Brian Ferry, Roxy Music taldeko abeslaria, jatorri benetan apala zuena, goi mailako dandi bat bezala aurkezten zen. David Broncanok gonbidatuei «zenbat diru daukazu?» galdetzen dienean, kontua da ia inork ez duela onartzen diru asko duenik, nahiz eta hamarkadak eman dirutzarrak irabazten, bereziki diru hori langile edo auzo-semearen irudia jorratuz lortu dutenean. Baina ez gaitezen engaina. Lehen mundu honetan 'pijismoa' gure baitan dago erroturik, normalean onartu nahi dugun baino gehiago.

Willy Wilder zinegileak bere sarkasmo bereziz honela adierazi zuen: «Jendeak uste du Hollywooden lan egiten dugunok etxetzar dotoreetan bizi garela, luxuzko jaiez gozatzen dugula eta gure seme-alabak ikastetxerik onenetara eramaten ditugula… Ba bai, hori guztia egia da. Izorra zaitezte!».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat